Martin Odegaard norvegiarra Real Madrilera itzuli da
Denboraldi bikain baten ostean, Real Madrilek Realarekin zuen kontratua amaitu du Martin Odegaard jokalaria Zinedine Zidaneren taldera itzuli dadin. Jokalari norvegiarrak bi denboraldiko kontratua sinatu zuen Realean utzita jokatzeko, baina 21 urteko gaztearen denboraldi ona ikusita eta Real Madril Europako Txapeldunen Ligatik kanporatua izanak kontratua bertan behera uztea bultzatu du talde madrildarra.
Ligako talde gazteenera iritsi zen Odegaard, Realeko jokalarien bataz besteko adina 25,67 urtekoa baita, eta horrek taldera eta hirira moldatzen lagundu zion. Agurra euskaraz egin duen bideo batean eskerrak eman dizkie txuri-urdin guztiei: “Kaixo familia txuri-urdina. Agur eta esker mezu hau helarazi nahi dizuet, niretzat ahaztezina izan den denboraldi honen ostean. Momentu ederrak bizi ditut elastiko honekin, eta harrobikoa sentiarazi nauzue”.
Donostiara iritsi zenetik klubaren eta hiriko jendearen berotasuna jaso zuela adierazi du Odegaardek, eta hasieratik taldekideekin erlazio bikaina izan zuen. Hau kontuan hartuta, eta ligaren hasieran Realak izandako errendimendu ona ikusita, hedabide guztiek adierazi zuten Odegaardek bi urteko kontratua bete nahi zuela. Horrez gain, Reala kopako finalera iritsi zen martxoan, eta koronabirusa dela eta jokatu gabe geratu da partida, Realak eta Athleticek publikoaren aurrean jokatzea nahi baitute. Egoera ikusita, Odegaardek 2020/2021 denboraldian talde txuri-urdinean jokatuko zuela zirudien, baina Real Madril Europako Txapeldunen Ligatik kanporatua gelditu ostean, Zinedine Zidane entrenatzaileak espresuki eskatu du norvegiarra talde madrildarrera itzultzea, datorren denboraldian jokalari gazte gehiago izateko.
Odegaard 2019ko uztailaren 5ean iritsi zen Donostiara, eta hasieratik erakutsi zuen zer nolako potentziala zuen. 2019/2020 denboraldian Martintxo ezinbestekoa izan zen Mallorcaren aurka garaipena eskuratzeko, eta hortik aurrera Realaren hamaikakoan mugiezina bihurtu zen. Partida bikainak egin zituen hasieran, eta ligaren erdian Leo Messirekin eta Karim Benzemarekin batera jokalari onena izan zen. Konfinamenduaren ostean, baina, talde osoa bezala indarrik gabe itzuli zen zelaira Odegaard, nahiz eta azken jardunaldietan ligaren hasierako sentsazioak berreskuratu zituen. Joan den denboraldian, liga eta kopa kontuan hartuta, zazpi gol eta bederatzi asistentzia eman ditu norvegiarrak, baina estatistika horietan ez da ikusten zer nolako garrantzia izan duen Odegaardek Imanol Alguacilen taldean.