Otsailetik uztailera %25 igo da langabezia Donostian
Donostiako Udalak egindako zenbaketaren arabera, uztailean 9.503 langabe zeuden Donostian, ekainean baino hamar gehiago. Koronabirusaren krisiak gogor jo du Donostia, joan den urtean data berdinean 7.160 baitziren langabezian zeuden pertsonak. 2.343 pertsonako igoera da hori, %32,7 gehiago alegia.
Generoa kontuan izanda, 9.503 langabe horietatik 5.088 emakumeak dira, eta 4.415 dira gizonezkoa. Adin tarteei erreparatuz gero, langabeen %8,7 25 urtetik beherakoak dira, 24-44 adin tartean langabeen %42a dago eta 45 urtetik gorakoak langabeen %49,4 dira. Otsailean datu horiek ezberdinak ziren: 25 urtetik beherakoak %6,7 ziren, 25-44 urte artekoak %38,9 eta 45 urtetik gorakoak %54,4.
Enrique Ramos Bultzada Ekonomikoko zinegotziak datu “negatibo” hauek espero zituztela adierazi du: “Datu serioa da, baina espero genuen, bizi dugun egoerak gure hiriari ere eragiten baitio. Erakundeen artean lanean jarraitu behar dugu jarduera ekonomikoari berrekiteko eta langabezia jaisteko”. Bestalde, langabeziak azken bost hilabeteetan gora egin duela gehitu du Ramosek.