"Pirotekniaren sektoreko fakturazioa zero eurokoa da martxotik"
Su artifizialak izaten dira Donostiako Aste Nagusiko jarduera nagusienetako bat, donostiar askok baitute jaiegun guztiak Kontxa ingurutik suak ikusteko ohitura; aurten, ordea, ezin da horrelakorik egin. Izaskun Astondoak ia 30 urte daramatza pirotekniaren munduan sartuta, eta Donostiako su artifizialen lehiaketako epaimahaikidea da duela hamabost urte baino gehiago. Uda berezi hau nola bizitzen ari den azaldu du, eta Donostiako su artifizialak faltan botatzen dituela nabarmendu du.
Horrenbeste urtez su artifizialen eta, ondorioz, jaien inguruan bizitzen egon ondoren, nola ari zara bizitzen su artifizialik eta jairik gabeko uda berezi hau?
Sektore honetan daramat 1992tik, eta inoiz bizi ez den egoera ezohiko bat da. Sekulako hutsunea sentitzen dut, bereziki abuztuan, hiriburu guztiek jaiegun guztietan su artifizialen ikuskizunak antolatzen dituztelako normalean.
Zer iruditzen zaizu aurten Donostian su artifizialik ez egotea?
Ez zait ez gaizki ez ondo iruditzen. Osasun larrialdiaren egoerak jende pilaketak sortzen dituzten ekitaldiak bertan behera uzteko beharra sortu du, eta, zalantzarik gabe, su artifizialek adin guztietako jende ugari biltzen dute. Martxoan Valentziako fallak bertan behera utzi zituztenetik, bata bestearen atzetik heldu dira bertan behera uzteak.
Faltan botako dituzu?
Bai, noski! Horren arraroa egiten zait su artifizialik ez egotea…
Jendeak faltan botako dituela uste duzu? Aurten ezin izango da su artifizialak ikusi eta helatua jateko plan tipiko hori egin…
Uste dut jendeak faltan botako dituela su artifizialak eta jaien inguruan antolatzen diren ekitaldi guztiak: antzerkia, kultur jarduerak, eta abar. Jendea mobilizatzen duten jarduerak dira.
Badago aurrekaririk? Hau da, beste urteren batean gelditu dira bertan behera Aste Nagusiko su artifizialak?
Ez daukat 1992. urte aurretiko informaziorik, baina urte hauetan guztietan, ez dira su artifizialak inoiz bertan behera utzi.
Zure ustez, zer ematen diote Aste Nagusiko su artifizialek Donostiari?
Su artifizialak Aste Nagusiko derrigorrezko hitzordua dira. Ez dut su artifizialik gabeko Aste Nagusi bat imajinatzen, eta uste dut arduradunek ere ez dutela halakorik imajinatzen.
Zer iruditzen zaizu udalak Aste Nagusiaren ordez antolatu duen Abuztua Donostian egitaraua?
Bizitzen ari garen egoera ezohikora moldatutako plan alternatibo bat iruditzen zait: ekitaldiak kapsulatzea, edukiera murriztuta eta neurriak betetzen direla kontrolatuta. Denon ongizatea beste edozeren gainetik dago.
Hurrengo urtean itzuliko direla uste duzu?
Egoerak ahalbidetzen badu, ez daukat inongo zalantzarik.
Pirotekniaren munduan aditua zara. Nola eragiten ari da koronabirusa pirotekniaren industrian? Nola eragingo dio etorkizunera begira?
Dibertimenduzko pirotekniak eta horrekin lotura duten ekitaldiek kalte handiak jasan dituzte. Pirotekniaren sektoreko fakturazioa zero eurokoa da martxotik, eta badirudi egoera hau datozen hemezortzi hilabeteetan zehar luzatuko dela, gutxienez.
Nazioartean, uztailaren 4an AEBetan egiten dituzten ospakizunak bertan behera gelditu dira, eta uztailaren 14an gauza bera gertatu zen Frantzian, Parisko Eiffel dorreko ikuskizuna salbuetsita. Ikusiko dugu urte amaierako nazioarteko ekitaldi nagusiak mantentzen diren: Sidneykoa, Londreskoa, Madeirakoa, eta abar.
Garai zaila da sektorearentzat eta kulturarentzat, zentzu orokorrean.