"Identifikatu diren guneetan ibili direnek froga egin behar dute, eta gainerakoek arduraz jokatu"
Azken orduetan 66 positibo atzeman dituzte hirian, eta Gipuzkoan 132. Goiak hiriak bizi duen egoeraren inguruko hausnarketa egin du.

Azken hamabost egunetan, COVID-19aren positibo kopuruak nabarmen egin du gora Donostian. Azken orduetan 66 positibo atzeman dituzte hirian, eta Gipuzkoan 132. Hori dela eta, Eneko Goia alkateak egoeraren inguruko hausnarketa egin du Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. “Hiriak osasun krisiaren hasieratik ez du kasu askorik izan, baina azken hamabost egunetan, eta, bereziki, azken asteburuan, gorakada bat egon da”, azaldu du Goiak. Gertatu dena testuinguru orokor batean ulertu behar dela gaineratu du, EAEn ere positibo gehiago eman direlako.
Hiriak bizi duen egoera dela eta, bi gauza eskatu ditu alkateak: “Identifikatu diren guneetan ibili direnek froga egin behar dute, eta gainerakoek arduraz jokatu”. Hain zuzen ere, hilaren 14an, 15ean eta 16an bi diskotekatan ibili ziren pertsonei PCR proba egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, eta Goiak eskaera berretsi du. “Segurtasun neurriak ondo betetzen saiatu behar gara”.
Ikasturteari begira
Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin harremanetan jarri da ikasturte berriari begira. Udala prest agertu da udal baliabideak Henkuntza sailaren esku uzteko, horrela beharko balitz. Udal liburutegi eta kiroldegiak horretara bideratuko liratekeela esan du Goiak.