"Tirorik gabeko gune segurua" izango da Ulia, irailaren 1etik aurrera
Parke seguruaren alde egindako mendi martxetako bat. (Argazkia: Eguzki Talde Ekologista) Donostiako eta Pasaiako udalerrien zati bat ehizarik gabeko zona deklaratzen duen Foru Agindua argitaratu zuten atzo Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Agindu horri esker, irailaren 1ean hasiko den ehiza denboraldi berrian, Ulian ez da tirorik egongo, eta berriro ere erabiltzaileentzako gune segurua izango da.
Hainbat talde ekologistak urteak daramatzate “tirorik gabeko parke seguru” baten alde borrokan, esaterako, Eguzki Talde Ekologista eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea. Horrela, neurri berriaren aurrean euren poza agertu dute ohar baten bitartez: “Foru Agindu honen jendaurreko informazio fasean ere parte hartu dugu, eta gure poza publikoki adierazi nahi dugu, azkenean argitaratu delako”.
Era berean, gogoratu dute Ulian ehizan aritzeko baimenen gaia aspalditik datorrela. Hain zuzen, 2014. urtean Foru Aldundiak debekatu egin zuen Ulian ehiza egitea, Donostiako eta Pasaiako udalek hala eskatuta. “Donostiako eta Pasaiako udalen eskaera haren atzean aspaldiko herri aldarrikapen bat zegoen”, azpimarratu dute Eguzkikoek. Ordea, iaz berriro baimendu zuen ehizan aritzeko baimena Aldundiak, epai judizial baten bitartez. Honela azaldu du Eguzkik: “Epai hark Ehizaren Legearen paragrafo akastun bat zuen oinarri. Eta paragrafo akastuna zela diogu ezinezkoa delako ehiza eskubidea beste edozeren gainetik egotea, baita ehiza alorrean eskumen guztiak dituen Foru Aldundiaren beraren erabakien gainetik ere. Hain justu, akatsa zuzentzeko eta erabakimena berriro ere Aldundiaren esku uzteko, joan den abenduan Ehiza Legearen paragrafo hori aho batez zuzendu zuen Eusko Legebiltzarrak”.
Eguzkik azaldu duenez, oharra sinatu duten elkarteak aritu dira Foru Agindu berriaren jendaurreko informazio fasean Ulian ehiza debekatzearen aldeko idatzi bat izenpetu ahal izan dutenak. Hala ere, honakoa argitu dute: “Baina badira ere beste elkarte batzuk urte hauetan tirorik gabeko parke baten alde lan egin dutenak, eta informazio faseko idatzia izenpetzerik izan ez dutenak; udak eta pandemiak ez dute hori ahalbidetu”. Honakoak dira sinatzaileak: Eguzki Talde Ekologista, Ekologistak Martxan, Ugatza Ornitologia Elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, SEO Donostia, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Vasco de Camping elkartea, Jaizkibel Amaharri, Uliako Auzo Elkartea, Uliako Lore Baratzak, Uliako Lagunak, Trintxerpeko Atletiko eta Trintxer Mendi Taldea.

