Aritz Elustondok kontratua berritu du Realarekin

Aritz Elustondok (Beasain, 1994) 2024ra arte luzatu du Realarekin zuen kontratua. Talde txuri-urdinak eta Beasaingo jokalariak gaur goizean sinatu dute kontratu berria. 26 urte baditu ere, bost urte daramatza dagoeneko atzelariak lehen taldean jokatzen, eta Imanol Alguacilentzat jokalari garrantzitsu bihurtu da. Azken denboraldian 20 aldiz atera da hasierako hamaikakoan, eta guztira 1.761 minutu izan ditu zelaian.
Beasaingo jokalariak eskerrak eman dizkio taldeari, harengan jarritako “konfiantzagatik”, eta hainbeste denboraldiz lehen taldean egoteak duen “erantzukizuna” azpimarratu du. Era berean, datorren denboraldia “une garrantzitsua” izango dela nabarmendu du. Izan ere, Ligan eta Kopan ez ezik, Europan ere arituko da talde txuri-urdina. “Guztietan anbizio handia izan beharko dugu”, esan du.
Elustondoren kontratua Realak berritzen duen bosgarrena da. Hain zuzen ere, Mikel Merinok, Martin Zubimendik, Martin Merquelanzek eta Miguel Angel Moyak kontratua luzatu dute talde txuri-urdinarekin. Gainera, joan den astean David Silva kanariarraren fitxajea iragarri zuen taldeak datozen bi denboraldietarako, azkenengo hamar urteetan Manchester City taldeko kapitaina izandakoa.