Euskal ekoizpeneko hogeita bat lanek parte hartuko dute 68. Zinemaldian
Guztira hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen fasean dagoen proiektu bat dira euskal ekoizpeneko lanak; hainbat sailetan banatuta egongo dira.
68. Donostia Zinemaldian hautatutako euskal ekoizpeneko lanek honako sailetan banatuta egongo dira: Sail Ofizialean, New Directors Sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman, Zinemiran, Made in Spainen, Euskal Zinemaren Galan, EiTB Galan eta WIP Europan.
Zinemira da euskal zinemari eskaintzen zaion saila, eta aurten, fikziozko eta ez fikziozko hamaika ekoizpen bilduko ditu. Mundu estreinaldi gisa emango diren film luzeak izanik, horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango direla jakinarazi dute, Zinemaldiko beste atal batzuetan izango diren beste lau filmerekin batera. Orotara, hamairu film luze lehiatuko dira 20.000 euro gordineko saria lortzeko.
2020ko Zinemira inauguratuko du Lara Izagirre Garizurieta zuzendari bizkaitarrak, eta Nora filma aurkeztuko du. Izagirrek debuta egin zuen Euskal Zinemaren Galan 2015ean, Un otoño sin Berlin pelikularekin. Zuzendaria Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua izan zen 2018an, Nora filmari esker. Besteak beste, Ane Pikaza, Hector Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek parte hartzen dute lanean. Honela azaldu dute filmaren laburpena: “Norak, filmeko protagonistak, aitite argentinarra galduko du eta Euskal Herriko kostaldetik Dyane 6 auto zaharrean haren errautsak amamaren errautsekin batera eramateko bidaia egingo du”.
David Gonzalez Rudiez Zinemirara itzuliko da, Talento/Talent/Talentu filma aurkezteko. Zuzendariak sail horretan parte hartu zuen La noche los lleva (2018) filmarekin. Oraingoan, film komertzial bat egiteko erronkari aurre egin beharko dion gerrilla-zinemako zuzendari baten istorioa kontatu du bere pelikula berrian.
Zinemiran izango da ere Eugene Green zinemagilea. Orain arte zuzendu dituen film luzeek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian, eta Locarnoko eta Berlineko zinema jaialdietan parte hartu dute. Zinemaldian bi euskal mitoren berrikuspena egiten duen Atarrabi et Mikelats filmea aurkeztuko du.
Atal horretan izango den beste zinemagile euskal dun bat da Amaia Merino donostiarra. Asier ETA biok (2013, Irizar Saria) filmaren idazle eta zuzendarietako bat da, eta Miguel Angel Llamas zinemagilearekin batera zuzendu du Non dago Mikel? / Where is Mikel? filma. Lan berrian Mikel Zabalzaren desagerpena kontatzen dute: 1985ean Guardia Zibilak atxilotu egin zuen gaztea, eta hogei egun geroago hilik aurkitu zuten, baina inor ez dute epaitu ezta zigortu ere.
Josu Martinez eta Txaber Larreategiren Caminho longe filmak ere parte hartuko du Zinemiran: Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren historia kontatzen du; etxera itzultzeko bideari ekingo dio, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte estatu afrikarrean erbesteratuta. Bi zuzendariek aurkeztu izan dituzten euren lanak Zinemaldian, hala nola, Sagarren denbora (2010), Gure sor lekuaren bila (2015) eta Jainkoak ez dit barkatzen (2018).
Jainkoaren semeak filma aurkeztuko du Ekain Irigoien donostiarrak: Javier eta Romerales, Madrilgo kaleetan lo egiten duten bi etxegabe beterano dira protagonistak. Irigoienek La Cañada de Andrea (2014) film dokumentala eta Kalebegiak (2016) film kolektiboaren egilea da.
Bestalde, N´Diawaldi Bouly (2011) eta Born in Gambia (2019) dokumentalak zuzendu ondoren, Natxo Leuzak zinegileak Enrique Villareal El Drogas musikariaren “erretratu poliedrikoa” sortu du. Zuzendari iruindarrak Zinemiran parte hartuko du El Drogas lanarekin.
Halaber, Telmo Esnalek ere errepikatu egingo du Zinemaldian: Urtzen lana aurkeztuko du. Honela azaldu dute antolatzaileek: “Konfinamendu garaian, Telmo Esnalek ahaztutako proiektu bat berreskuratu du: UR, Pablo Azkueren ipuin bat, kontzientzian eta itsasoan sakontzen duena. Urtzen zinema-entsegu berezia bat da, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz eta berrerabiliz, existentziari buruz hausnartzen duen collage bitxi bat”.
Azkenik, Lobster Soup filmak itxiko du aurtengo Zinemira saila. Pepe Andreu eta Rafael Molesen lana da, eta biek esperientzia handia dute dokumentalen zuzendaritzan. 2018an, Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartu zuten Lobster Soups proiektuarekin, eta horrek, Islandiako kafetegi xelebre bateko bezeroei ahotsa ematen die.
Gainera, lehiatuko ez diren beste bi film egongo dira Zinemira sailean: Pablo Ibar / The Miramar Murders: The State vs. Pablo Ibar eta Jo ta ke / Non Stop. Lehenbizikoa Olmo Figueredok sinatutako sei kapituluko telesail-dokumentala da, eta bigarrena, 2019ko Ikusmira Berriak programako egonaldian sortzen hasi zen Aitziber Olaskoagaren film ertaina.
Halaber, iragarritako hainbat ekoizpen ere izango dira Irizar Saria irabazteko lehian, besteak beste, Pablo Agueroren Akelarre; David Perez Sañudoren Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak / Death Knell, eta Asier Altunaren ARZAK Since 1897.