Haur parkeen garbiketa eta desinfekzioa indartu ditu udalak
Hiriko garbiketa zerbitzuko langileek haurrentzako jolas parkeak egunero garbitzen dituzte. “Konfinamenduaren ondoren astean behin edo bitan egiten zen garbiketa. Donostian areagotu diren kasuak direla eta, garbiketa eta desinfekzioa handiagoa izango da”, azaldu du Hiri Mantenimenduko zinegotzi Miguel Angel Diezek.
150 haur parke inguru daude Donostian, eta horiek garbitzen badituzte ere udalak dio gomendagarria dela haurrek eskuak gelarekin garbitzea jolaserako elementuak erabili aurretik eta ondoren. “Egunero barandeei, kateei eta lokailuei heltzen dieten haur asko igarotzen dira jolas horietatik, eta ezinezkoa izango litzateke txiki batek erabiltzen dituen bakoitzean desinfektatzea”, adierazi du Diezek.
Parkeak eskuz eta garaiz garbitzen eta desinfektatzen dira eta hasiera batean, likido desinfektatzaile bat erabiltzen da, bost bat minutuz. Ondoren, haurrek uki ditzaketen gainazalak (heldulekuak eta abar) oihal batekin garbitzen dira, eta azkenik parkeko elementu guztiak xaboiarekin nahastutako presiozko urarekin isurtzen dira. Zazpi langile aritzen dira hiriko haur parkeak zaintzen eta desinfektatzen.