Auzoko sarbideetan egiten ari diren lanekin kezkatuta dago Egia Bizirik elkartea
AHTaren geltokiaren, Iztuetako pasabidearen eta Astiñeneko zubi berriaren obrak direla eta, Egiako hainbat sarbide moztuta edo oztopatuta daudela ohartarazi dute auzo elkartekoek.
Lanez inguratuta dago Egia auzoa. Iazko apirilean hasi ziren Astiñeneko zubi berria eraikitzen. Aldiz, duela hilabete abiatu zituzten Iztuetako zubibidearen eta Abiadura Handiko Tren geltoki berriaren lanak. Horretarako, Mundaiz kalea itxi dute bi urterako, eta auzoko irteera hori ezin izango dute erabili auzotarrek. Era berean, tren geltokiko obra aurrera eramateko Egiako tunela itxi beharko dute. Aipaturiko lanekin batera, oraindik eperik ez duen Aldakonea eremuko proiektuak ere eragin zuzena izango du auzoan. Donostiako Udalak duela bi urte aurkeztu zuen.
Egia Bizirik auzo elkartea kezkatuta dago lan guztiek denboran bat egin izanak sarbideak eta auzotarren mugikortasuna oztopatuko dituelako. Era berean, salatu dute obren inguruko informazio gutxi helarazi dutela eta lanekin udan hastea ez dela kasualitatea. «Oporren garaia aprobetxatu dute auzoan obra berriak hasteko. Datorren astetik aurrera auzotar asko konturatuko dira, adibidez, Mundaiz kaletik ezin dutela pasa», azpimarratu dute.
Ezarritako epeekin ere arduratuta daude. Astiñeneko zubi berria aurten eraikita egongo zela adierazi zuen udalak. Ordea, atzerapenak pilatu ditu, eta Murias enpresak lanak egiteko epea luzatzeko eskatu du. Horiek horrela, 2021eko otsaila baino lehen ez da erabilgarri egongo. «Hiru edo lau urteko atzerapena du proiektuak, eta oraindik gehiago atzeratuko dela dirudi», azaldu dute. Iztuetako pasabidearen eraisketa, berriz, 2021erako aurreikusten du udalak, eta bi fasetan egingo dute. Dena dela, Grosera doan bidea ez mozteko, trenbide azpiko pasabidea egokituko dute autobusak, autoak eta oinezkoak pasa ahal izateko. «Udalak ondoen komunikatu duen proiektua da, eta egindako bilera publikoetan auzotar askok parte hartu zuten. Gainerako lanekin ez dute horrelakorik egin».
Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriak Egia eraldatuko duela uste du auzo elkarteak, eta afekzio ugari sortuko dituela. «Lanak egiteko lau urteko epea ezarri du Eusko Jaurlaritzak, baina seguru gaude denbora gehiago beharko dutela. Hainbat fase ditu proiektuak, eta lehen afekzio nabarmena egun batetik bestera jakinarazi ziguten», nabarmendu dute. Uztailaren 28an itxi zuten Mundaiz kalea bi urterako, eta egun bat lehenago iragarri zuten. AHTaren geltoki berriaren lanengatik 18. eta 24. zenbakien arteko zatia zeharo itxita dago. Bestalde, oraindik ez dute zehaztu Egia eta Erdialdea lotzen dituen tunela noiz itxiko duten. Tren geltokia goiko pasabidearen bidez igaro ahal izango da, baina ez du irisgarritasuna bermatzen.
Partaidetzak ez du fruiturik ematen
Egian egiten ari diren aipaturiko lanek ez dute partaidetza prozesurik izan. Aldiz, bertan behera edo geldirik geratu dira Egia Bizirikek auzoan sustatu eta aurrera eramandakoak. Esaterako, Plaza Haundiko estalki berriaren proiektua eta Blas de Otero plazako haurrentzako jokalekua. «Udal artxiboko lanak aitzakia gisa hartuta kendu zuten jokalekua, eta ez da jatorrizko lekura itzuliko. Auzoetako zinegotziak aitortu digu erabaki okerra izan zela. Ordea, auzotarrek partaidetza bidez erabakitako gauza bat bertan behera utzi dute, eta ez dago atzera bueltarik», dio auzo elkarteak.
Nolanahi ere, Egia Bizirikek lanean jarraitzeko borondatea du eta proiektu berriak lantzen ari dira. «Datozen asteetan auzoko bi kale oinezkoentzako bihurtzeko prozesua abiatu nahi dugu. Udalari jakinarazi diogu, eta saiakera bat egin nahi dugu lehenik eta behin Tejeria kalean».