Loiolako saihesbide azpiko aparkalekuan 150 plaza eskura dituzte auzotarrek
Loiolako zeharbidearen lanek iraun bitartean, Donostiako Udalak 150 plaza auzotarren esku jarri ditu saihesbidearen azpiko aparkalekuan. Gainerako 150 plaza libreetan edozeinek aparkatu dezake. Aste honetan egokitu dute aparkalekua, eta dagoeneko erabilgarri dago.
Mugikortasun sailak uztailaren 13an iragarri zuen 150 plaza erreserbatzeko erabakia, auzotarrek adierazitako kexen ondorioz. Parte hartze prozesu baten emaitza da Loiolako zeharbidea berritzeko proiektua, eta zeharbidearekin batera, auzotarrek aparkatzeko duten arazoari aurre egiteko parking bat eraikitzea adostu zuten. Ordea, arrazoi ekonomikoengatik aparkalekua egitea baztertu zuen udalak.
Azken egunetan aparkalekua atontzen eta erreserbaturiko eremuan aparkatuta zeuden ibilgailuak erretiratzen aritu da Donostiako Udaltzaingoa.