Donostiaren turistifikazioa salatzeko aldarrikapen ekintza egin du Bizilagunekin plataformak
San Bartolomeko muinoan hiriaren desazkunde turistikoa aldarrikatzeko pankarta zintzilikatu du Bizilagunekinek. Plataformak salatu duenez, azkeneko urteetan 35 hotel baino gehiago jartzeko lizentziak onartu eta zabaldu dira hirian, eta bereziki luzea da Erdialdean, Grosen eta Parte Zaharrean onartutakoen zerrenda, alegia, “auzo turistifikatuenetan”. Honetan guztian, Gipuzkoako Gotzaindegiak eta hainbat erlijio kongregaziok izandako papera nabarmendu du Bizilagunekinek.
Gainera, koronabirusak sortutako egoerak “hiri ereduaz hausnartu eta aldaketak emateko beharra azaleratu du” plataformaren ustetan, eta hainbat proposamen jaso dituzte horretarako: hotel berriak eraikitzeko baimenak ez ematea eta lanetan dauden eraikinei beste hainbat erabilera ematea; hiriko turismo ereduaren inguruko eztabaida lehen lerrora eramatea, baita etxebizitzekin dagoen arazoa ere; Donostiako ekonomia ez dadin soilik turismoan oinarritu eta beste hainbat sektore indartzea; eta kalitatezko enplegua bermatzen duten sektoreak izatea eta horietan langileak “birlokatzeko” formakuntza aukerak eskaintzea.
Azkenik, aldarrikapen hauekin guztiekin donostiarrek ere bat egin dezaten eskatu du Bizilagunekinek, hirian bizi direnek “ahalik eta ondoen hemen bizi ahal izateko”, elkarri laguntzea eta turistifikazioaren aurka ekitea.