Larunbatean izango dira Euskal Itsas Museoaren udako azken bisita antzeztuak
Euskal Itsas Museoak Elkano. Lehenengo mundu bira erakusketaren programazioaren barruan antolatu dituen azken bi bisita antzeztuak egingo ditu irailaren 5ean, larunbatean. Jon Ander Alonso aktoreak Juan Zubileta itsasmutilaren azalean jarriko da berriro ere, eta lehen mundu biran bizitako xehetasunak azalduko ditu.
Euskarazko bisita 11:30ean izango da, eta gaztelaniazkoa 12:30ean. Era berean, antolatzaileek jakinarazi dutenez, bisitak segurtasun irizpideetara eta prebentzio neurrietara egokitu dituzte, eta bakoitzean bederatzi pertsonak parte hartu ahal izango dute. Horrela, izen ematea “gomendagarria” dela azaldu dute museokoek, eta horretarako komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbidera idatzi, eta 943 43 00 51 telefonoetara deitu daiteke. Sarreraren prezioa lau eurokoa izango da helduentzat, eta bi eurokoa 12 urtetik beherakoentzat.