13.916 bidaiarirekin itxi dute Illunbeko doako autobus zerbitzua
Uztailaren 11tik abuztuaren 31ra izan da abian Illunbeko aparkalekua eta Erdialdea lotu dituen doako autobus zerbitzua, eta 13.916 erabiltzaile izan ditu denbora tarte horretan. Cristina Lage Turismoko zinegotziak esperientzia “arrakastatsua” izan dela adierazi du, eta nabarmendu du argi gelditu dela “Donostiak zerbitzu hori behar duela”. Lagek azpimarratu du arrakasta horretan “zerikusi handia” izan duela Ipar Euskal Herrian egin duten kanpainak, baita Bidegirekin eta Eusko Jaurlaritzarekin garatu duten elkarlanak ere. Uztailean zehar 4.339 bidaiari izan zituen zerbitzuak, eta abuztuan 9.577 bidaiari; autobusa abuztuaren 14an erabili zen gehien.
Hauteskunde bezperan, uztailaren 11n, abiarazi zuen udalak –Donostia Turismorekin, Mugikortasun sailarekin eta San Sebastian Shops elkartearekin elkarlanean– Illunbeko doako autobus zerbitzua, turismoa eta merkataritza sustatzeko eta bisitariak erakartzeko helburuarekin.