Etxean nengoen, baina...
Estaba en casa, pero…/ Ich war zuhause, aber
Zuzendaria: Angela Schanelec
Urtea: 2019
Herrialdea: Alemania / Serbia
Tabakalerak zinemagile garaikideei eskaintzen dien fokuan, «erradikal» izenondoaz eman zen ezagutzera Angela Schanelec, pasa den urtean eskaini zioten atzerabegirakoan. Erradikala «hizkuntza zinematografikoaren jatorria miatu eta bertan bilatzen (bait)ditu zinema berri bat eraikitzeko tresnak». Denbora eta espazio filmikoaren inguruko hausnarketa sakonaren emaitza dira alemaniarraren filmak, ohiko zinema narratiboaren oinarriak puskatzeko saiakera interesgarriak. Elipsiarekin eta eremuz kanpoarekin jolasean, egunerokotasunak ezkutatzen duen bizitzaren zentzuaz dihardu maiz.
Zinemagilearen estilo pertsonal eta umoaren azken adibideak Estaba en casa, pero…/ Ich war zuhause, aber (2019) du izena eta Berlin zaratatsua du pertsonaia malenkoniatsuen joan-etorrien hondoko paisaiatzat. Oinarri arruntean hasita (senarra galdu eta bi urtera normaltasuna berreskuratzea lortu ez duen amaren dolua), kontakizun konplexua eskaintzen dio Schanelecek ikusleari ate guztiak irekita uzten dituen lan misteriotsu honetan.
Irakurle arretatsuari ez zaio, seguraski, oharkabe pasako Schanelecen obra honen izenburuak Yasujiro Ozu handiaren «He nacido, pero…» horrekin duen antzekotasuna. Bi filmak elkarrizketan daudela ez badirudi ere, Ozuren obratik edaten du, zalantzarik gabe, Schanelecek darabilen egunerokotasunaren behaketa zuhurrak. Errealitate hutsalari tentuz begiratuz gero, horren atzean gordetzen den transzendentzia dastatzera ematen dute bi-biek, erlantz iragankorrak baino ez diren mementuetan. Begirada hori ez da kontenplazio estetiko hutsa, bazik eta irudietatik haratago dagoen esanahiaren berariazko bilaketa.
Hain zuzen ere, filmaren lehenengo erdian planteamendu ia aszetiko hori da nagusi: mugimendurik gabeko kamera, bata bestearen beharrik gabe azaltzen diren sekuentzia luzeak, emozioei heltzen dizkioten pertsonaiak, zinematografia hotz eta neurriduna… Badago, hala ere, lasaitasun estatiko deserosoarekin apurtzen duen unea. Ospitaleko gela txuri-txurian, koreografia berdina dantzatzen dute Astrid amak (Maren Eggert zoragarria) eta Philip (Jakob Lassalle) eta Flo (Clara Möller) seme-alabek. Eremuz kanpo, ospitaleko ohean etzanda dagoen norbaiti (zendutako senarrari, suposatu daiteke) begira egiten dute dantza, abesti hunkigarriaren erritmora.
Istant horren zentzu katartikoa, Schanelecek segidan emango digu aditzera, Astridek zinema zuzendari batekin duen eztabaida sutsuaren bidez. Astridek antzerkia eta dantza heriotzaren aurkakoa direla defendatzen du: gorputzaren espresio horiek asmakizunak, gezurrak baino ez dira bizitza honetako ziurtasun bakarra den heriotzarekin aurkaritzan. Hala bada, ospitaleko gelan hil zorian dagoen horren aurrean egiten den dantzak aurrez aurre ipintzen ditu egia eta gezurra. Bien arteko arrakaletan zehar mugituko da aurrerantzean filma, errealitate zatituaren berri emanez. Sekuentzia bloke isolatuek, aktoreen gorputzak gupidarik gabe zatitzen dituzten xehetasun planoek, identitate lausotuek (Astrid ama da, maitalea, alarguna, martitiria eta epailea… eta, aldi berean, horietatik bat ere ez da)… den-denek argiztatzen dute bere buruari eutsi ezin diezaiokeen eta eztanda egitear dagoen errealitatearen gatazka.
Bressonek, Schanalecen beste inspirazio iturri handienetakoak, zinema «antzerki filmatuta» besterik ez zela esan zuen. Antzerkia, bada, maila ezberdinetan aurkezten digu Schanelecek: Hamlet obraren entseguak, narrazioaren nondik norakoak eta filma bera. Zuzendariak abiatzen duen egiaren bilaketak narrazioa gainditu egiten du eta ikusleari luzatzen dio galdera: ba al dago gezur handitik at bizitzea? Erantzuna, momentuz, ikuslearen eskuetan geratzen da.
Bitartean, ez ezazue galdu aste honetan estreinatuko den Schanelec finaren lana, bai hala bai ezagutu beharrekoa!

