Infernua eremuko hirigintza proiektua onartzeko beste urrats bat egin du udalak
Duela urtebete luze aurkeztu zuten egitasmoa aurrera eramateko, Plan Orokorra aldatu behar da. Ibaetako eremu hori bizitegi eta zerbitzuen auzo bihurtzea da udal gobernuaren helburua.
Donostiako Udalak Infernuko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin-behineko aldaketa onartu du. Ibaetako auzoaren hegoaldean dagoen eremua birsortu eta birkalifikatzeko egin dute moldaketa. Udalbatzak babestea falta da behin-betiko onartzeko. Iazko otsailaren 12an aurkeztu zuten hirigintza proiektua, eta orduan proposaturiko aldaketak dira berretsi dituztenak. 2021ean lanekin hastea aurreikusten du udalak.
Hirigintza proiektuaren helburua da Infernuaren eremua bizitegi eta zerbitzuen auzo bihurtzea. Plan Orokorraren aldaketak bi zona proposatzen ditu. Batetik, erabilera tertziarioko gunea –hirugarren sektoreari begirakoa–. Zuatzura doan Zubiberri bidearekin lotura zuzena izango du, eta han zerbitzu berriak jarriko dituzte. Bestetik, bizitegi eremua kokatuko dute zerbitzu gunearen eta ibilgailuen kontzesionarioaren artean. 540 etxebizitza aurreikusten ditu udalak, 270 babes publikokoak eta 270 etxebizitza libreak.
Iazko otsaileko ezohiko udalbatzarrean adostu zuten etxebizitza publikoen kopurua igotzea. Udal gobernuaren proposamenari hamabost zuzenketa aurkeztu zizkion EH Bilduren udal taldeak. Zortzi babestu zituen udalbatzak, eta horietako batek Babes Ofizialeko etxebizitza kopuruarekin zuen lotura. Hain zuzen ere, proiektuak aurreikusten zituenak baino gehiago izatea adostu zuten.
Biribilgune berri bat
Trafikoa arintzeko biribilgune berri bat egingo dute, Infernuak duen norabide aldaketa egiteko eremuan. Plan Orokorraren aldaketak ere aurreikusten du Añorgako ubidea berreskuratzea. Era berean, ibaiaren ondoan parke bat egingo dute.