Kaian ezarritako mugen inguruko azalpenaren zain daude bizilagunak
COVID-19aren hedapena saihesteko, Eusko Jaurlaritzak kaiko erabilera mugatu eta Nautikoko eskailerak itxi ditu. Uztailean hartu zuten erabakia eta aurrez jakinarazi gabe hesitu zituzten guneak.
Arrapalako sarbidea uztaila bukaeran mugatu zuten, eta egun batzuk beranduago itxi zituzten Nautikoko eskailerak. Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak harturiko erabakiekin ez daude konforme Parte Zaharreko auzotarrak. Bereziki, kaian bizi direnek. Izan ere, biztanleek ezin dute arrapala erabili, eta kaian bainua eta arrantza debekatu dituzte. Hori dela eta, kaiko hainbat bizilagunek eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak bat egin dute Eusko Jaurlaritzari azalpenak eskatzeko. Zehazki, «premiazko bilera» bat egiteko eskatu diote gutun baten bidez. Horri lotuta, sinadura bilketa bat abiatu dute, eta dagoeneko 1.400 inguru jaso dituzte.
Uztaila erdian kaiko bizilagunak ohartu ziren Ertzaintzak arrapala eta ingurua ikuskatu zituela. Pertsona bat ere argazkiak egiten aritu zen. «Arrapala mugatu bezperan, bigarrenez etorri ziren ertzainak kaira. Ondoren, Portu Zuzendaritzaren bulegora joan ziren. Neurriren bat zetorrela ondorioztatu genuen», azaldu dute Amagoia Lopez eta Itziar Leon auzotarrek.
Portu zerbitzuek, larrialdikoek eta ontziren batekin uretara joan nahi dutenek soilik dute aukera arrapala erabiltzeko. «Arrapala mugatu ondoren, jendea Nautikora joan zen, eta orduan, eremu horretara jaisteko eskailerak itxi zituzten». Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundearena da Nautikoko pasabidearen bukaerako bi eskaileren ardura, eta eurek itxi zituzten abuztua hasieran, egoera txarrean eta erabiltzaileentzat arriskutsuak zirela argudiatuta.
«Ikastaroak ematen dituztenekin harremanetan jarri ginen, eta esan ziguten Nautikoa erabat ixtearekin ez zeudela ados. Dena dela, aitortu ziguten kexa bat aurkeztu zutela ikastaroak arriskuan egon zitezkeelako, eta segurtasuna bermatzeko arazoak egon zitezkeelako. Horri emandako erantzuna itxiera izan zen, nahiz eta beraiek hori ez zuten eskatu», adierazi du Lopezek.
Ofizialki ez dute azalpenik jaso. «COVID-19arengatik harturiko neurriak direla jakin ahal izan dugu, baina uste genuen bizi dugun egoeran edukiera soilik murriztuko zela. Hondartzan eta irlan egin duten bezala. Ordea, bainua erabat debekatu dute kaian. Koronabirusa aitzakia gisa erabili dute debekua ezartzeko». Kaiko eremua mugatu eta Nautikoko eskailerak itxi ondoren, jendea beste gune batzuetan pilatzen ari diela adierazi du Leonek: «Ilarak daude kaiko jatetxeetan, Aquariumean, irlara doan txalupa motordunen leihatilan,… Guk leku horietatik pasa behar dugu. Arrapalako jolasgunea, arrantzarako aukera eta egoteko lekua kendu digute, eta gainerakoa pairatzen ari gara. Gauzak ez dira berdin neurtzen».
‘Kaia bizirik’
Donostiako kaian aldarrikapen mezu bat irakur daiteke hainbat txokotan: Kaia bizirik. Hain zuzen ere, kaiko bizilagunen eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen kezka orokorragoa da. «Kaia betidanik izan da arrantzarako leku bat, gure familiek ikasi dute igerian, karramarro txikiak hartu ditugu, jolasean aritu gara arroketan. Ikusten ari garena da hori guztia debekatzen ari direla kirol portuari mesede egiteko», azaldu du Lopezek. Esaterako, hiru moiletako muturretara iristeko sarbideak pixkanaka ixten ari direla uste dute kaiko bizilagunek.
Hilaren 7an itzuliko dira lanera Portu Zuzendaritzako arduradunak, eta hilabetea bukatu aurretik erantzunik ematen ez badiete, jendea mobilizatzen hasiko dira. «Kairako aurreikusten dutena esatea eskatzen dugu. Irtenbideak nahi ditugu, eta etorkizuneko erabakietan parte hartu», azpimarratu du Leonek.