Orio bigarrenaren bila emakumezkoetan eta gizonezkoetan lehia estua
Iritsi da Kontxako Banderaren lehen igandea. Pandemiagatik ohikoa baino ordubete lehenago hasiko dira estropadak. Kaia, Pasealeku Berria, eta Urgull giroz beteko dituzten zalerik gabe egongo dira eta, ondorioz, arreta guztia itsasoan izango da. Azken honek, gainera, estropada baldintzatu dezake. Izan ere, sailkatze estropadako itsaso barearen ordez, itsaso astinduagoa topatuko dute gaurkoan traineruek. Ipar haize bizia izango da, metro bat eta metro eta erdiko olatuak utziko dituena.
Emakumezkoen estropada hasiko da lehenik, 10:00etan, eta hasi zenetik lehen aldiz, lehian arituko diren zortzi traineruak gipuzkoarrak dira. Kaleak zozkatu dira dagoeneko, eta horrela aterako dira:
1. Txanda:
- 1. Kalea: San Juan
- 2. Kalea: Tolosaldea
- 3. Kalea: Arraun Lagunak
- 4. Kalea: Hondarribia
2. Txanda:
- 1. Kalea: Zumaia
- 2. Kalea: Donostiatra
- 3. Kalea: Orio
- 4. Kalea: Hibaika
Iazko irabazlea, Orio, da faboritoa. Izan ere, Euskotren Liga irabazi dute hirugarren aldiz. Dena den, Donostiarrak ere etxeko bandera nahi du, eta horren bila joango dira gaurkoan. Biak bigarren txandan arıtuko dira, Hibaika eta Zumaiarekin batera. Lehen txandan, aldiz, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hondarribia eta San Juan arituko dira. Lugañeneko arraunlariek euren prestakuntza bertan behera utzi behar izan zuten duela aste batzuk beste koronabirus kasu bat atzeman ostean, baina gaurkoan zer egiteko gai diren erakutsi nahi dute. Edozein kasutan, Tolosaldeak ez dio erraz jarriko. ETE Ligan nabarmen ondo ibiltzeaz gain, asteazkeneko sailkatze estropadan bigarren denborarik onena egin zuen.
Emakumezkoen txandak amaitu ostean, gizonezkoak hasiko dira lehian, 11:00etan. Kaleen zozketa egin ondoren, horrela aterako dira:
1. Txanda:
- 1. Kalea: Santurtzi
- 2. Kalea: Urdaibai
- 3. Kalea: Zarautz
- 4. Kalea: Donostiarra
2. Txanda:
- 1. Kalea: Cabo
- 2. Kalea: Zierbena
- 3. Kalea: Hondarribia
- 4. Kalea: Orio
Kasu honetan, bandera irabazteko faboritoak hiru dira. Batetik, Hondarribia, iazko irabazlea, besteak beste, Eusko Label Ligan izandako progresio nabarmena ikusita. Bestetik, Santurtzi, erregularragoa Ligan. Eta, azkenik, Zierbena, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi zituena, eta halako estropadetan oso ona izan daitekeena. Bestalde, Donostiarrak azkeneko estropadetan izandako bolada txarrari amaiera jarri nahi dio.