Igeldoko galtzada batzuk konpontzeko lanak kontratatzeko espedientea onartu du udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu egin du Igeldoko Agiti, Marabieta eta Arritxulo bideetako galtzadetako zoladurak konpontzeko proiektuko lanak kontratatzeko espedientea. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, tokiko zirkulazioari zoladura atsegina eskaintzea eta gidarien segurtasuna hobetzea dira proiektuaren helburuak.
Agiti bidean, Iturrietako Benten eta Buztintxuri bideko sarbidearen artean egingo dituzte konponketak, 900 metroko tartean, alegia. Arritxulori dagokionez, 20, 25 eta 50 metroko zati txikitan egingo dituzte lanak, baina baita Juandegi Haundi eta Juandegi Txiki baserrien arteko 50 metroko tarte batean ere. Marabieta bidean, aldiz, Gure Pakea eta Arretxe baserrien arteko 110 metroko tartean egingo dituzte lanak.
Lanen lizitazio aurrekontua 78.928 eurokoa da, eta lanak hiru asteko epean bukatzea aurreikusten du udalak. Hala ere, Goiak nabarmendu du bideak lau egunez moztuko dituztela gehienez. Era berean, azpimarratu du inguruko baserrietarako sarbideak bide alternatiboen bitartez bermatuko dituztela.