Txertoei buruzko topaketa irekia egingo dute hilaren 19an
Guneak Zabaltzen egitasmoak bosgarren topaketa irekia egingo du hilaren 19an, Uliako Mintegietako parkean. Oraingoan, txertoei buruz ariko dira, eta Txertoak, zertan gabiltza? da topaketaren galdera orokorra.
Hainbat galderei erantzuna ematen saiatuko dira: Zer hartu behar dugu kontuan txerto bati buruz erabakitzean? Nola eragiten diote txertoek eta txertatze egutegiak osasunari? Zein da legedia eta nazioarteko panorama? Zer berri dakar COVID-19ak? Gune Irekiaren metodologiaren (Open Space) bidez egingo dute topaketa; eguneko agenda parte hartzaileen pasioa eta erantzukizunarekin sostengatutako proposamenekin osatuko da auto-antolaketan bitartez. Gaiak topaketa irekitzeko zirkulu orokorrean jasoko dira, eta gero txoko eta ordutegi tarte desberdinetan lantzera pasatuko da.
“Ekitaldi hauek jendearengandik eta jendearentzat izan daitezen nahi dugu, pertsona guztiak parte hartzera gonbidatuta egon eta senti gaitezen. Hizkuntzari dagokionez, topaketa elebiduna izango da eta zirkulu txikietan euskaratik gaztelaniarako auto-antolatutako itzulpena egongo da, puntu honetan laguntzen duten lagunei esker”. Haurren zaintza zerbitzua eskainiko dute izen ematerakoan eskatzekotan. Azkenik, parkeak baditu arrapala bat eta eskailerarik gabeko sarrera, irisgarritasuna pertsona guztientzat ziurtatuz. COVID-19aren egoera dela eta, edukiera mugatua izango da eta babes neurriak denen artean zainduko dituzte.
Topaketa bukatzerakoan Guneak Zabaltzeneko webgunean ikusgarri egongo den elkarrizketa guztien edukien txosten bat ekoiztuko da parte hartzaile guztien artean. Azpimarratzekoa da herritar topaketa mota honek zirkuluetatik eta topaketatik sartu eta irtetea baimentzen duela, pertsona bakoitzaren interesa eta aukeraren arabera. Topaketaren ordutegia 10:30etik 19:00ra bitartekoa izango da, eta aldez aurretik izena ematea gomendatzen da galdetegi honetan, antolakuntza errezteko.
Lau urteko ibilbidea
Guneak Zabaltzen egitasmoa 2016ko udaberrian jaio zen. 2017ko martxoan izan zen lehenengo topaketa Nolako Donostia nahi duzu? galderapean. Bigarren topaketa 2017ko azaroan izan zen, eta Donostia eta turismoa gaia landu zuten, hiri ereduan sakonduz. Hirugarrenean, 2019ko otsailean, Bizitzaren jasangarritasuna hizpide hartuta hainbat ekimen egin zituzten. Aldiz, laugarren topaketa pasa den uztailean egin zen: Bizitza zaintzen, nola prestatu etorkizunerako?
Elkarrizketan oinarritutako topaketa irekiak sustatzen dituzte: “Bizitzaren oinarriak erabat eraldatzen dituzten gertakariak ikusten ari gara, eta aldaketa hauek gero eta azkarragoak dira. Ezinegon eta ardura hauetatik abiatuta, topatzea proposatzen dute bizi garen aldaketa garai honen inguruan partekatu eta solasteko”.