Aieteko jaiak bertan behera geratu dira
Ostiralean ziren hastekoak Aieteko festak, baina COVID-19aren eraginez, bertan behera uzteko erabaki hartu du jai batzordeak. Aurten hilaren 11tik 20ra ziren egitekoak auzoko jaiak.
“Egungo egoeran, auzoan edozein motako jai edo jende masifikazioak ekarriko lukeen ekitaldi edo ospakizunik burutzea arduragabekeria handi bat izango zela iruditzen zaigu. Gertu ditugu duela hilabete batzuetako egun beltzak, eta ez dugu horren buelta sustatzeko inongo intentziorik”, adierazi du jai batzordeak.
Bestalde, azken hilabetetan ideiak proposatu dituzten eta laguntza eskaini duten auzotar guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. “Aieten jairik izan ez arren, jaietan aldarrikatzen ditugun balioak urte guztian zehar aldarrikatzera animatu nahi ditugu Aieteko bizilagunak: Aspaldiko lagunekin hitz egin, eta gurekin ez daudenetaz oroitu. Zabaldu ditzagun jaietan hartu ohi ditugun ohitura onak urte osora. Konturatzerako, 2021eko irailean egongo gara, berriz ere Aieteko kaleak alaitzen”.