Altzako XX. Bertso Aroa egingo dute irailaren 25etik urriaren 3ra
Prest dute Altzako XX. Bertso Aroaren egitaraua. Irailaren 25etik urriaren 3ra egingo dute Altzania Kultur Elkarteak, Altzako bertsozaleek, Bizarrain elkarteak eta Donostia Kulturak prestatutako jaialdia.
Erradikalak ginen antzezlanarekin hasiko dute jaialdia irailaren 25ean. Ane Labaka bertsolariaren eta Beatriz Egizabal aktorearen emanaldia 20:00etan izango da, Tomasene kultur etxean.
Hilaren 26an, larunbatean, 6-12 urte arteko haurrentzako jarduera bat prestatu dute: Bertso jasa, bat bateko jolasa. Publikoaren parte hartzea “behar-beharrezkoa” dela esan dute antolatzaileek; 18:00etan izango da, Larratxo kultur etxean.
Iraileko azken igandean, hilaren 27an, bertso jaialdia egingo dute Plaza Gorrian, 18:00etan; “eguraldiak laguntzen ez badu”, saioa Larratxo kultur etxean egingo dute. Aitor Sarriegi, Maider Arregi, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga bertsolariek kantatuko dute, eta Gorka Segurola arituko da gai jartzaile lanetan.
Amaitzeko, urriaren 3an Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta La Pulga dantzariak Gorria ikuskizuna egingo dute. Bertsoa eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna Larratxo kultur etxean izango da, 20:00etan. Sarrerek 5 euro balio dute, eta hainbat modutan erosi daitezke: Casares kultur etxeko telefonora deituta (943 35 11 49) eta poste elektronikora idatzita (casareskulturetxea@donostia.eus), baita Donostia Kulturaren ohiko lekuetan ere (online eta leihatila fisikoetan).