Errondo gaina pasealekuko bi erreiak ireki dituzte, luizia gertatu eta bi urtera
Bi urte baino gehiagoren ondoren, Errondo gaina pasealekuko galtzadako bi erreiak ireki dituzte, eta ibilgailuak arazorik gabe ibili daitezke. Erreietako batek bi urte baino gehiago zeramatzan itxita, 2018ko apirilaren 12an pasealeku ondoko mendi magalean luizi handi bat gertatu zenetik. Mendi magala egonkortzeko lanak asko luzatu dira, Marisol Garmendia Espazio Publikoetako zinegotziak azaldu duenez, “oso konplexuak” izan direlako. Hain zuzen, 220.000 euro inbertitu behar izan ditu udalak.
Beste luizirik ez gertatzeko, mendi magaletik jaisten ziren ur fluxuak moztu dituzte, euri ura bideratzeko drainatze sistemak eta erretenak jarri dituzte, pilote txikiz osatutako 25 metroko babes pantaila bat jarri dute eta segurtasun sare bat ere ipini dute. Era berean, mendi magala egonkortzeaz gain, pasealekuko espaloia konpondu dute eta baranda indartu egin dute. Garmendiak zera adierazi du: “Inguru horretako zuhaiztia babestu nahi izan dugu, eta kontu handiz ibili gara. Horregatik, lanak xeheki egin dira, zuhaitzak kaltetu gabe”.