Haurtxoko eta gaztelekuetako langileek elkarretaratzea egingo dute ostegunean
Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileek elkarretaratzea egingo dute ostegunean, hilaren 10ean, udaletxearen aurrean, 11:00etan. Udalak argitaratu dituen plegu berrietan, haurtxoko eta gaztelekuen zerbitzuan murrizketa handiak egin ditu, hala nola, aurrekontua %40 murriztea, lan ordu kopurua murriztea, hainbat langileren lanpostua ez bermatzea eta Parte Zaharreko haurtxokoa ixtea. Langileek bilera bat eskatu diote udaleko Gazteria departamentuari, baina momentuz ez dute erantzunik jaso. Horregatik, elkarretaratzea egingo dute bihar, Egin dezagun borroka haurtxoko eta gaztelekuen alde lelopean.
Joan den astean prentsaurrekoa eman zuten langileek eta ELA sindikatuak, eta aipatu murrizketak salatu zituzten, baita euren aldarrikapenak azaldu ere. Jendea osteguneko elkarretaratzera joatera animatu dute, udalari bilera bat egiteko exijitzeko.