Infernuan izandako "immigrazioaren aurkako operazio arrazista" salatzeko manifestaziora deitu dute
Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Polizia Nazionalak polizia operazio bateratua egin zuten joan den irailaren 7an Ibaetako Infernua eremuko pabiloi batean. Donostiako Udalaren arabera, Udaltzaingoak ziurtatu du azken hilabeteotan Antigua-Ibaeta-Errotaburu zonan lapurretak, bereziki bizikleten lapurretak, igo egin direla, baita pabiloi horretan bizi ziren pertsonen artean hainbat liskar izan direla ere. Udalaren arabera, arrazoi horiengatik izan zen asteleheneko polizia operazioa, lapurtutako objektuak berreskuratzeko eta pabiloiko pertsonak identifikatzeko.
Gertakarien aurrean, ohar bat zabaldu du Infernua Bizirik mugimenduak, “immigrazioaren aurkako operazio arrazista” salatzeko, eta manifestaziora deitu dute iganderako, hilaren 13rako, Inor ez da ilegala lelopean. Infernuko autobus geltokitik abiatuko dute manifestazioa, 12:00etan, eta Bulebarrean amaituko dute.
Oharrean azaldu dutenez, asteleheneko sarekada ez da gertaera isolatu bat izan, eta gehitu dute azken urtean auzoak “sistematikoki” bizi dituen erasoen “beste adibide bat” dela.
Halaber, kritikatu dute hedabideek gertaera landu duten modua: “Salatu egin nahi dugu gure inguruko komunikabide guztiek egin duten kontakizuna; inongo momentutan, ez baita kazetaririk etorri gure bizipenen inguruan galdetzera”. Horrela, operazi polizialari buruzko berriak “sentsazionalistak” eta “kriminalizatzaileak” izan dira haien ustez. “Komunikabideentzat ‘lapurreten aurkako operazioa’ izan dena, auzokideontzat argi eta garbi izan da immigrazioaren aurkako operazio arrazista. Komunikabideen zeregina auzoko biztanleak kriminalizatzea eta deshumanizatzea izan da eta, horrela, beste behin, sistemaren bazterrean geratu direnekiko enpatia gure gorputzetatik ezabatu digute”, adierazi dute. Halaber, uste dute hedabideek zabaldu duten bertsioak bat egiten duela diskurtso polizialarekin, auzoko biztanleen ahotsa isilarazten duelako.
Operazio ilegala
Bestalde, salatu dute asteleheneko operazio poliziala “guztiz ilegala” izan zela salatu dute: “Pertsona askoren eskubideak bertan behera geratu ziren. Ordena judizialik gabe, jendearen etxeetan sartu ziren eta beraien objektu pertsonalak lapurtu zizkieten, besteak beste, bizikletak, ordenagailuak, mugikorrak eta pasaporteak”. Infernua Bizirikekoek kezka adierazi dute operazioan atxilotutako hamahiru pertsonen egoerarekiko: “Paperik gabeko hamahiru pertsona indarrez eraman zituzten auzotik, eta arratsaldean itzuli ziren etxera, beraien jaioterrira itzularazten dituen kanporatze aginduarekin”.
Udalak Infernuan aurreikusita daukan hirigintza proiektua dela eta, auzoa “ahal bezain laster” bota nahi dutela uste dute Infernukoek: “Auzoa abandonatuta, delinkuentziaz beteta eta segurtasunik gabe dagoela irudikatu nahi dute, baina, bitartean, askotariko jatorrietako ehun pertsona baino gehiago bizi gara bertan. Gure auzoan Brasilgo, Afganistango, Nigeriako, Marokoko, Algeriako, Euskal Heriko, Gineako, Senegalko, Côte d’Ivoir-ko, Gaboneko, Maliko, Mendebaldeko Saharako eta Ganbiako jendea elkarrekin bizi gara, eta azpimarratu nahi dugu poliziaren erasoak sistematikoki jasaten dituztenak zuriak ez diren pertsonak direla, batez ere, Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik datozenak”, azaldu dute.
Horrela, auzoa “garbitu” nahi izatea leporatu diete erakundeei, eta egoeraren erantzuletzat jo dituzte Estatua, EAEko erakundeak, eta Donostiako Udala: “Sistemak eskaintzen digunari uko egiten diogulako, hobeto bizi nahi dugulako, kriminalizatzen gaituzte. Beraiek krimena ikusten duten lekuan guk bazterkeria ikusten dugu, jende migratzailearekiko bazterkeria: lanpostuak ukatzea, gizarteko sarbidea ukatzea eta, finean, eskubideen urraketa”.
Horren guztiaren aurrean, Infernuko auzotarrek elkartasunerako eta antolakuntzarako deia egin dute: “Poliziarik eta arrazismorik gabeko auzo bat nahi dugu, eta erresistentzia egingo dugu erasoen aurrean. Infernua bizirik!”, amaitu dute oharra.