Jose Mari Iparragirre olerkari eta musikariaren omenezko kontzertua egingo dute asteburuan
Abuztuaren 12an 200 bete ziren Jose Mari Iparragirre olerkari eta musikari euskalduna jaio zenetik, eta urteurrenaren harira, haren omenezko Urretxutik mundura kontzertua eskainiko dute larunbatean, hilaren 12an, Parte Zaharreko Trinitate plazan. Iparragirre Urretxukoa zen, eta hangoak dira baita ere emanaldian parte hartuko duten bi artista: Gorka Hermosa musikaria eta Jon Maia bertsolaria. Hermosa eta Maiaz gain, Gotzon Mendibil eta Jesus Prieto musikariek, Kea laukoteak eta Easo Abesbatzak ere parte hartuko dute kontzertuan. 20:00etan izango da, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Urretxuko Udalak eskatuta, Gorka Hermosak Urretxutik mundura obra garatu du, eta kontzertuaren lehenengo zatian obra hori estreinatuko du. Hermosak Iparragirreren melodia ezagunenen orkestrazioa eta bere obrak fusionatu ditu lan horretan, eta aipatu artisten laguntzarekin interpretatuko ditu piezak Trinitate plazan. Ondoren, Gontzal Mendibilek Iparragirreren abestien bertsio bereziak interpretatuko ditu, bakarlari gisa.