Poesiaz eta pentsamenduaz ariko dira hamahirugarrenez
![poesia_pentsamendua](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2020/09/poesia_pentsamendua.jpg)
Aurten bi egunekoa izango da 13. Poesia eta Pentsamendua jardunaldia. Hilaren 16ean Viktoria Eugeniako Club aretoan egingo dute saioa, eta 17an Txillida Lekun. 2008an Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik abiatu zuten egitasmoa Donostia Kulturaren babesarekin. Hainbat poeten parte hartzea lortu dute urte hauetan guztietan.
Hilaren 16ko saioa, 19:30ean hasiko da Viktoria Eugenia Club aretoan, eta askotarikoa izango da egitaraua. Iñigo Astiz, Lizar Begoña, Elena Olave, Jesus Rodriguez eta Julieta Valero poetek errezitaldi musikatua egingo dute. Jon Makusok, berriz, biolin emanaldia eskainiko du. Sarrera librea izango da edukiera bete arte. Gonbidapenak Victoria Eugeniako leihitilan eskatu eta jasoko dira errezitalaren egunean bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Osasun krisia dela eta segurtasun eta garbitasun neurriak bereziki zainduko dira eta aretoaren edukiera murriztua 70 lagunentzako izango da.
Hilaren 17ko saioa, berriz, 18:30ean abiatuko da Txillida Lekun. Fernando Golvanok hitzaldia emango du, eta jarraian Eli Tolaretxipik eta Luis Gardek errezitaldia eskainiko dute. Musikaz, Haritan taldea arduratuko da, eta J. S. Bach eta W.F. Bachen obrak joko dituzte. Sarrerak Txillida Lekuren webgunean eskura daitezke. Osasun krisia dela eta, indarrean dauden segurtasun eta higiene neurriak aplikatuko dira, eta Zabalaga baserriaren barruan 50 eserlekura gutxitu da kopurua.