Elkarrekin Donostiak dio udal gobernuak ez duela inplikaziorik hondakinen kudeaketa ekologikoan

Datorren asteleheneko Gune Publikoen, Obren eta Hiri Zerbitzuen batzordean interpelazio sorta bat aurkeztuko du Elkarrekin Donostia udal taldeak, birziklatzera bideratutako hondakinen politika baten falta salatzeko.
Haizea Garai zinegotziak interpelazio horien berri eman du. Martuteneko “zabortegi ilegalaz” galdegingo dute batzordean, “agerian uzten duelako udalak ez dituela berdeguneak kontrolatzen”. Horregatik, udal gobernuari galdetuko diote ea asmorik duten hirian legez kanpoko isurketak saihesteko ingurumenaren zaintza indartzeko neurriak hartzeko.
Bestalde, Ekologia eta Osasun Publikoko zinegotzi Enrique Ramos interpelatuko dute, Bretxa inguruan dauden janari lasterreko establezimenduek sortutako zaborragatik, “ez baitute hondakinak bereizten”. Garairen ustez, udal gobernuak zerbait egin behar du hiriko birziklatze datuak ez direlako %40ra iristen.
Konposterako poltsak aldatu izanaren inguruan ere galdetuko dute. Izan ere, Garairen esanetan, poltsa konpostagarri berriak “kalitate txarrekoak” dira. “Poltsa berriak erraz apurtzen dira eta hondar organikoak birziklatzea zailtzen dute”. Aldaketa hori kostuak merkatzearen ondorio den galdetuko dute.
Hondakinen kudeaketa ekologikoan udal gobernuak inplikaziorik ez duela nabarmendu du Elkarrekin Donostiak, eta hori auzoetan ere ikusten dela nabarmendu du Garaik: “Edukiontzien birkokapena zaildu dute auzotarrek hondakinak modu eraginkorrean bereizteko, dela hondarrak botatzeko lekuak urrundu dizkietelako, dela edukiontzi berriak non aurkitu ez dakitelako. Ondorioz, zaborra bide publikoan pilatzen da, eta, berriz ere, nahastu egiten da. Edukiontziak jartzeko plan berriaren helburua hondakinen kudeaketa egokia bermatzea denez, edukiontziak hiriko hainbat auzotan birkokatu ondoren”.
Azkenik, udal taldeek bat egin dute igandeko erraustegiaren aurkako giza katearekin, eta parte hartzera deitu dute. Alderdi Ederretik abiatuko da 11:00etan.