"Lehentasunak eta gobernantza eredua aldatu behar dira pandemiak jarri dizkigun erronkei aurre egiteko"

Udal gobernuak COVID-19aren aurrean egindako azken hilabeteetako kudeaketaren balorazioa aurkeztu du EH Bilduk. “Sei hilabete baino gehiago igaro dira pandemia hasi zenetik eta, zoritxarrez, Eneko Goiak jarraitzen du hiria kudeatzen krisi hau istripu iragankor bat balitz bezala”, adierazi du EH Bilduko bozeramaile Reyes Carrerek.
Konfinamendu osteko “kudeaketa txarra” salatu zuen udal taldeak, eta udako hilabeteetan “okerrera” joan dela esan du Carrerek. “Dagoeneko pandemia ez da nobedade bat, orain badakigu luzerako doala, baina Eneko Goiak modu erreaktiboan jarraitzen du. Bien bitartean, gure inguruko hiri eta herrietan, ikusten ari gara nola neurri proaktiboak hartzen ari direla datorrenari aurrea hartzeko. Hau da, Donostia atzean geratzen ari da”.
Pandemia hirian ondorio larriak uzten ari dela azpimarratu du Carrerek, “bai osasun publikoan eta baita ere familien ekonomian”. Langabezia tasa duela hamar urteko krisi ekonomikoaren parekoa dela gaineratu du, “eta badirudi udazkenean okerrera egingo duela”. Horren aurrean, udal gobernuak %20ko murrizketak iragarri dituela esan du Carrerek: “Okerrena da bere hiri ereduarekin tematuta jarraitzen duela, hau da, turismoaren aldeko apustu itsuarekin, erdigunea indartuz auzoen kaltetan”.
Udal gobernuaren kudeaketa txarraren hainbat adibide eman ditu EH Bilduko bozeramaileak, eta hezkuntzari dagokiona nabarmendu du: “Donostiako ikastetxeak baztertzen ari dira. Konfinamenduaren garaian salatu genuen alkateak ez zuela ezer egin on line klaseak jarraitzeko baliabiderik ez zuten Donostiako ehunka ikasleri laguntzeko. Hemen estalitako udal lokalen zerrenda bat pasatzera mugatu dira, zentro eta auzo bakoitzaren beharrak eta baliabideak zeintzuk ziren azterketa minimorik egin gabe. Zentroak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira indartu, inoiz baino beharrezkoagoa zenean”. Ostalaritza sektoreari dagokionez, udal gobernua “establezimendu handiei laguntzera” mugatu dela esan du Carrerek. Bestalde, auzoetako jai batzordeekin lankidetzarik ez dela egin adierazi du: “Eta, gainera, kultur programazioari dagokionez, itsas ertzetik kanpo ia ez da ezer programatu”.
Gobernantza eredua ere kritikatu du EH Bilduk. “Pandemia baino lehen hiriko eragile sozialekiko komunikazioa eta parte hartzeko bideak urriak ziren, baina orain Eneko Goia inoiz baino autokratikoagoa agertu da herritarren aurrean. Bere soka politikokoekin bakarrik hitz egiten du”, azpimarratu du Carrerek. Gobernantza eredu horren adibide bat jarri du: “Sei hilabetetan Eneko Goiak ez du udal talde guztiekin batera agerraldirik egiteko beharrik sentitu, adibidez, Donostiako herritarrei adierazteko pandemiari aurre egiteko orduan denok bat eginda gaudela”.
Datozen aste eta hilabeteei begira, udal taldeak hiriko eta auzoetako eragileekin eta herritarrekin adostutako neurriak proposatzen jarraituko duela adierazi du Carrerek. “Lehentasunak eta gobernantza eredua aldatu behar dira pandemiak jarri dizkigun erronkei aurre egiteko”. EH Bilduren ustez, orain gehien behar dutenei laguntzea izan behar da lehentasuna, ” hiri eredua egoera berrira egokitzen dugun bitartean, jasangarriagoa eta orekatuagoa izan dadin zentzu guztietan: ekonomikoa, soziala, ekologikoa, zaintza eredua, mugikortasunaren ikuspegitik eta abar”.