Musika eta Dantza Eskolak gaur ekin die berriro aurrez aurreko eskolei
Musika eta Dantza eskolako ikasleak. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasturte berria abian da, eta ikasleak gaur hasi dira aurrez aurreko eskolekin.
Horiek egin ahal izateko, koronabirusaren kontingentzia-plana jarri du martxan eskolak, Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloaren irizpideetan oinarritutakoa. Besteak beste, eskoletan ezingo da materiala elkarbanatu, eta kontzertu eta emanaldiak jenderik gabe izango dira. Era berean, hainbat zerbitzu erabiltzeko, aurretik hitz ordua eskatu beharko da telefonoz ala emailez, hala nola arreta zerbitzurako, gelak erreserbatzeko eta liburutegirako. Azken honek, ordutegia zabaldu du, eta 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara izango da irekita. Eskolari dagokionez, 8:00etatik 19:00etara izango da zabalik.
Plazak hutsik
Ikasturtea hasi bada ere, oraindik hainbat espezialitateetan zenbait plaza hutsik daude, eta Musika eta Dantza Eskolak horietan matrikula egiteko aukera eskaintzen du modu zuzenean, zozketa batetara itxaron behar gabe. Batetik, 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzat zenbait toki geratzen dira auzoetako musika eskoletan, besteak beste Herrera, Altza, Añorga eta Antiguan. Gainera, Herreran, hainbat instrumentu jotzen ikasteko aukera ere badago, hala nola biolina, tronpeta, saxofoia eta eskusoinua. Atotxako egoitzan ere hainbat plaza libre daude hainbat instrumentutan.
Izena emateko lotura honetan sartu behar da. Esleipenak, berriz, eskaeren ordenaren arabera egingo dira. Hala ere, plaza hutsak dituzten irakasgaiak noizbehinka webgunetik kenduko dituzte prozesua bermatzeko. Kasu horietan, hurrengo lanegunean kontsultatu beharko da.

