Ama, top bat erosiko?
‘Las niñas’
Zuzendaria: Pilar Palomero
Urtea: 2020
Herrialdea: Espainia
Aurreko ostiralean, irailak 4, ailegatu zen zinemara Las niñas, Pilar Palomerok zuzendu eta idatzitako fikziozko lehen lan luzea. Bere izena oraindik oso ezaguna egiten ez bazaigu ere, luze darama berak lan zinematografiko ezberdinen atzean, argazkilaritza zuzendari (Señales de Indiferencia 2006); gidoilari (Chaco 2020); zein lan motzagoen buruan, zuzendari lanetan (Niño balcón 2009, La noche de todas las cosas 2016, Zimsko Sunce 2017, etab.). Bigas Luna edo Bela Tarren mailako zinemagile sona handikoekin lan egindakoa dugu ere eta Sarajevo Talents (2016) eta Berlinale Talents (2017) programetan parte hartzeko aukeratua izan da.
Halako curriculumaren aurrean, kalitatezko filma espero ahalko genuke eta… (adi, spoilerra doakizue eta) hala da!, itxaropen guztiak asetzen ditu Palomerok. Andrea Fandos (Celia), Zoe Arnao (Brisa) eta Julia Sierra (Cristina) gazteak dira 1992ra garamatzan debut xarmagarri honen aurpegi nagusiak; kameraren aurrean zein atzean lan egiten, emakumezkoen izen ugari batzen dituena.
Filmaren mamia garatzeko bere gaztaroan oinarritu zen Pilar Palomero. Izan ere, Celia protagonista bezala, bera ere Zaragozan jaio eta hezi zen, bai eta mojek gidatutako eskolan ikasi ere. Hala, maisuki erretratatzen ditu zinemagileak garaiko Espainiaren indar dibergenteak: batetik, mojen hezkuntzak islatzen duen gizarte kontserbadorea eta, bestetik, ikastetxetik kanpo zabaltzen den helduen mundu kitzikagarria; hamarkada berrian murgilduta, etorri beharreko modernitateari begiluze so egiten diona.
Bi noranzko horien artean aurrera eta atzera dabil Celia, 11 urteko neska. Egun osoa etxetik kanpo lanean ematen duen ama gazteak (Natalia de Molina Goya irabazlea) etorkizun oparoagoa eskuratzeko bidean hezi du alaba. Bartzelonatik Brisa izeneko ikaskide berria klasera heltzearekin batera, ordea, Celiaren barrenetan jaiotako hamaika galdera eta ardurak azaleratu egingo dira. Elkarrekin, nerabezarorako lehen pausoak emango dituzte, etxe barruko zein kanpoko gezurrak eta egia erdiak desestaltzearekin batera. Heroes del Silencio, Niños del Brasil edo Chimo Bayoren kanten erritmora, eta eskolako uniformea soinean, Celiak ahots propioa aurkitzeko bidea abiatuko du bihurrikeri artean.
Garaia bizi zutenentzat harri-bitxia bihurtuko denaren itxura du Las Niñas-ek. Horrek dena dela, ez du filma 90eko hamarkada hasierako postal nostalgiko hutsa bihurtzen, edukirik gabeko erretratu estatikoa. Izan ere, neska gazteen antzezlan apartekoek bizitzaz eta naturaltasunez betetzen dute kontakizuna eta, haien barre konplizeek pantaila zeharkatzea lortzen dute, ekidin ezin daitekeen irribarrea hauspotuz ikuslean.
Begirada arretatsuak gidatzen duen kamera askeak hurbiletik jarraitzen ditu Celiaren keinuak obra osoan zehar, estilo intimistaren maitaleek benetan gozatuko dituzten plano epel eta itxietan. Argazkilaritza lan finak (Daniela Cajiasen gidaren azpian) eta jada aipatutako nesken antzezlan karismaz beteek ikuslea segituan harrapatzeko gaitasuna dute. Harrezkero, erdialdera filmak erritmo dezente galtzen badu ere, dagoeneko oinarri erakargarria eraiki du istorioak, amaierako eszena hunkigarriak guztiz biribilduko duena.