Arrauna zainetan
Kontxako Banderan arituko dira lehian Patxi eta Igor Frances aita-semeak. Lehena, lehorretik, Tolosaldea traineruko entrenatzaile lanetan; bigarrena, uretatik, Urdaibaiekin arraunean. Gaur egun, euren arraun ibilbideak banatuta daude, baina eskutik ere joan ziren duela urte batzuk.
Patxi Francesek (Parte Zaharra, 1958) eta haren seme Igorrek (Erdialdea, 1994) sehaskan ezagutu zuten arrauna. “Parte Zaharrekoa naizenez, egunero izaten nintzen nolabait itsasontzi artean, eta traineruak entrenatzen eta elkarri zirikatzen ikusten nituen. Garai hartan lau traineru zituen hiriak: Fortuna, Arraun, Ur-kirolak eta Donostia. Horrez gain, aitarekin estropadaren bat edo beste ikustera joaten nintzen”, nabarmendu du Patxik. “Nik ere txikitatik bizi dut arrauna. Jaio nintzenean, aita bete-betean arraunean zebilen, Orion, eta estropada guztietara joaten ginen ama, arreba eta hiruok aita jarraituz. Dena den, hori amaren ‘errua’ zen”, kontatu du Igorrek. “Nire emaztea ezinbestekoa izan da nik arraunean jarraitu ahal izateko, hark askotan bultzatu nauelako aurrera”, gehitu du Patxik.
Hain zuzen ere, 1990ean iritsi zen Patxi Oriora, Fortuna, Donostia, Hondarribia eta Zumaian arraunean aritu ostean, eta lau aldiz irabazi zuten Kontxako Bandera. Han izan zen 1998ra arte, urte horretan erretiratzea erabaki baitzuen, dagoeneko 40 urte zituela. “Gaur egun, oso ohikoa da adin horretako arraunlariak ikustea, baina orduan lehenago erretiratzen ziren normalean”, nabarmendu du Patxik.
Bere arraunlari ibilbide luzea ikusita, Igorri patxadaz hartzeko gomendatu zion arraunean hasi nahi zuela kontatu zionean. “Futbolean aritzen nintzen, oso gustura gainera. Baina 18 urterekin-edo, arrauna probatzeko grina sentitu nuen. Aitak arraunean aritzeko denbora izango nuela esan bazidan ere, nahiko burugogor jarri nintzen eta pauso hori ematea erabaki nuen”, azaldu du Igorrek. “Gogoratzen dut esan zidan lehenengo egunean Donostiako Atletikora joan ginela elkarrekin, ergometrora, teknika azaltzeko. Hortik Zumaian hasi ginen biok”, gehitu du Patxik. Izan ere, ordurako, aitak urte batzuk zeramatzan entrenatzaile lanetan, zehazki, erretiratu zenetik.
Hasiera batean Igorrek zalantzak izan zituen non hasi, baina Zumaia hautatu zuen aita han zegoelako eta “errazagoa” izateko. “Bueno, errazagoa esan dut, baina gauza batzuetarako askoz zailagoa izan zitekeen. Azkenean, halakoren semearen etiketarekin zoaz. Horrek bere alde onak izan ditzake, baina txarrak ere”, nabarmendu du. “Niri hasiera batean arraroa egin zitzaidan nirekin arraun egin nahi izana. Gainera, zure semea da, eta taldean arazoak izan ditzakezu, batik bat jarri edo ez jarri. Baina Zumaian oso ondo eraman nuen hori, eta gustura lan egiteko aukera izan nuen”, esan du Patxik. “Etxean aita-seme ginen, baina ekipoan bat gehiago nintzen. Nik uste dut nahiko era naturalean eraman genuela”, azpimarratu du Igorrek. “Bestalde, poz izugarria eman zidan berarekin egoteko aukera izateak, nik pentsatzen nuena esan, eta nire esperientzia helarazteko”, aipatu du Patxik. Hiru denboraldi osoz aritu ziren elkarrekin, KAE-1en eta TKE artean, eta ondoren bakoitzak bere bidea egin zuen. Igorrek Orio, Ondarroa eta Urdaibai bidean. Patxik, entrenatzaile bezala etenaldi bat egin eta irratian esatari aritu ostean, Tolosaldea bidean.
Denboraldi desberdinak
Tolosaldeako Arraun Klubean bigarren denboraldia egin du Patxik aurten, entrenatzaile lanetan. ETE liga irabazi eta Euskotren Ligara igotzeko kanporaketan sartzea lortu dute, eta igandeko Kontxako Banderan Ohorezko Txandan arituko dira lehian. “Aurtengo denboraldia guk espero genuena baino hobea izan da, zalantzarik gabe. Ni iritsi nintzenean, helburua zen hiru urteko epean igotzea, baina lehenago lortu dugu. Inork ez zuen espero; are gutxiago itxialdi ondoren”, azpimarratu du du Patxik. “Niretzat oso esperientzia ona eta aberatsa izaten ari da. Eta orain arte izandako entrenatzaile esperientziekin guztiz desberdina. Aurretik izandako taldeetan ez dut inoiz izan materiala lortzeko zailtasunik. Hemen, aldiz, arraunak, traineruak eta abar beste taldeek uzten dizkigute. Aurten, esaterako, San Pedrok hartu gaitu eta han entrenatzen dugu”, kontatu du. Zailtasunak zailtasun, taldearen erantzukizuna nabarmendu du. “Oso giza talde ona da. Izugarrizko lana egiten du zuzendaritzak, medikuak, arraunlariek. Azken hauek, egunero San Pedrora etortzen dira Idiazabaletik, Orexatik, Betelutik, eta horrek indarra ematen dizu”, azaldu du.
Igandera begira, helburua “ehuneko ehuna” ematea da. “Fisikoki indartsu daude eta oso ondo entrenatzen ari dira. Gainera, taldea ikusita, badakit hori posible dela. Barnea husten dute beti, eta nire lana oso erraza egiten dute. Ez dakit zein postutan geratuko garen, baina hirugarrena lortzera joango gara”, nabarmendu du Patxik, pozez.
Tonu lasaiagoa erabili du Igorrek Urdabaien denboraldiaz hitz egiteko. “Gure helburua Ohorezko Txandan ibiltzea zen, eta hor izan gara hustu arte. Baina uste dut beste taldeek gehiago asmatu dutela. Zorte txarra ere izan dugu. Beraz, denboraldia ontzat jo daiteke, baina hobetzeko alderdiak daudela uste dut”, adierazi du. Besteak beste, Kontxan lortutako emaitza. Izan ere, ez zuten lortu Ohorezko Txandan sartzea. “Nire ustez geure txandan ondo borrokatu genuen, baina, bigarren txandan, Hondarribiak eta Zierbenak beste maila bat eman zuten”, aipatu du. Igandera begira, Igorrek espero du taldeak estropada txukuna egitea. “Txanda irabaztera aterako gara, eta igandeko sailkapenean ahalik eta goren geratzen saiatuko gara. Badakigu banderaz hitz egitea amets gehiegi egitea dela. Baina batek daki”, nabarmendu du.
Igor lehen aldiz aritu da aurten Bermeon, eta arraun ikuspuntutik denboraldi gazi-gozoa izan bada ere, berarentzat oso esperientzia ona izan da. “Hona etorrita, beste maila bateko taldera salto egin dut. Egia esan, oso pozik nago, bai kirol ikuspuntutik, baita harremanei dagokienez. Asko ikasten ari naiz, arraun munduan dena irabazi duen jendearekin bainago. Oso talde indartsua da”, esan du.