Artikutza meatzaritza gunea izan zenekoa
Herritar gehienek lasaitasunaz gozatzeko gune natural gisa ulertzen dute Artikutza. Izan zen garai bat, ordea, non Artikutza meatzaritza lanen bitartez ustiatzen zen, eta tren baten bitartez, materiala Errenteriaraino eramaten zuten.

Artikutza paradisu natural bat da, eta asko dira hiriko estresetik ihesi hara lasaitasun bila joaten diren herritarrak. Badirudi beti orain bezain lasaia izan dela, baina ez da hala, XX. mendeko lehenengo urteetara arte meatzaritza gune bat izan baitzen. Hain justu, Artikutza urte luzez ustiatu zen, burdina, kobrea eta kaolina ateratzeko. Material horiek garraiatzeko, trenbide bat eraiki zuten, eta tren txiki baten bitartez eramaten zituzten Artikutzatik Errenteriako Norteko Geltokiraino; errailen artean, 0,60 metro zabal zen trenbide hori, eta, mota horretakoetan, Iberiar Penintsulako basoko meatzaritzako trenbiderik luzeena izan zen bere garaian, 28,5 kilometro baitzituen

Hainbat langile San Rafaelgo plano inklinatu hidraulikoaren beheko partean lanean, 1909-1919 urteen artean. (Argazkia: ‘Artikutza. Natura eta historia’ liburua)
Trenbide bat eraikitzeko lehenengo saiakera 1890. urte aldera egin bazuten ere, Artikutza eta Errenteria lotu zituen trena 1905. urtean eraiki zuten. Aurretik, 1898an, trenbidearen lehenengo zatia eraiki zuten, Oiartzungo Karrika auzoko Zorrola meatzaritza gunetik Errenteriaraino. Garai hartan, Artikutzako meategietako mineralak aireko kable batzuen bidez eramaten zituzten Errenteriaraino.
1903an, ordea, Rafael Pikabea enpresari eta politikari oiartzuarrak Artikutzako etxaldea erosi zuen, eta hango meatzaritzaren errentagarritasuna handitu nahian, Elamako haranetik (Artikutzako urtegi zaharretik gertu, bost bat kilometro hegoaldera) Errenteriaraino heltzen zen trenbidea egin zuen.

Hainbat langile Planoburuko gunean, trenbideko bigarren zatian erabiltzen zuten lokomotorarekin, 1909-1919 urteen artean. (Argazkia: ‘Artikutza. Natura eta historia’ liburua)
Trenaren funtzionamendua, ordea, ez zen batere sinplea, inguru horretako desnibel handiak gainditzeko, hiru plano inklinatu eta lau lokomotora erabiltzen baitzituzten. Plano inklinatuak honakoak ziren: San Rafaelgoa, Gogorregikoa eta Zorrolakoa. Plano inklinatuetan, mineralez betetako bagoiak lokomotorarik gabe trenbidean behera bidaltzen zituzten, eta bagoi hutsak kableen bidez igotzen zituzten, funikularren teknologiarekin. San Rafaelgoan, aldiz, kargaturiko bagoiak igo egin behar ziren, beraz, ezin zuten beste bietako sistema bera erabili. Horren ordez, sistema hidraulikoa erabiltzen zuten: urez betetako bagoiak trenbidean behera bidaltzen zituzten, kontrapisua eginez mineralez beteriko bagoiak igotzeko.
Elamako Labeetan meatzaritza gunean zeuden mineralak kaltzinatzeko labeak, eta handik abiatzen zen trena. San Rafaelera heltzean, trenak goranzko bidea hasten zuen, Bianditzera iritsi arte. Orduan, beheranzko bidea hartzen zuen, Gogorregiko eta Zorrolako plano inklinatuak pasata, Errenteriaraino iritsi arte. Plano inklinatu bakoitzaren hasieran eta bukaeran, hainbat langile egoten ziren, bagoiak lokomotoretatik askatu edo lotzeko.
Donostiako Udalak 1919an Artikutza erosi zuenean, trena desegitea erabaki zuen, hango urak interesatzen baitzitzaizkion udalari, eta meatzaritza jarduerek uren kalitatea kaskartu zezaketela uste zuen. Karrika eta Errenteriaren arteko zatiak, ordea, 1950eko hamarkadara arte funtzionatu zuen, eta Errenteriako bizilagunak tren hartan igotzen ziren, Oiartzungo sagardotegietara joateko.

Zorrolako plano inklinatua, behetik ikusita, 1910ean. (Argazkia: ‘Artikutza. Natura eta historia’ liburua)
Trenaren arrastoak gaur egun
Trenbidea erabilerarik gabe utzi zutenetik 100 urte pasa dira, eta naturak bere espazioa berreskuratu du Artikutzan. Hain zuzen, trenbide zaharraren arrasto gutxi batzuk baino ez dira gelditzen: San Rafaelgo plano inklinatuaren hasieran (Eskastik gertu) etxola baten eta ur deposituen hondarrak daude, eta Elaman labeen arrastoak daude, besteak beste. Anton Mendizabal eta Suberri Matelo ikertzaileek Artikutzako trenari buruzko ikerketa sakona egin zuten 2017an, eta udalak iaz argitaratutako Artikutza. Natura eta historia liburuan ikerketa horren sintesia irakur daiteke. Ikerketa osoa Oiartzungo Udalak 2017an argitaratutako Mugarri 24. Artikutzako Trena liburuan dago.
Meatzaritza gunea izan ordez, gozamenerako gunea da gaur egun Artikutza, eta trenbide zaharraren ibilbidea oinez egin daiteke. Dagoeneko ez da handik mineralik ateratzen, baina Artikutza, bere horretan, harribitxi bat da.