Hainbat eskolatako gurasoek elkarretaratzera deitu dute hilaren 18rako, Hezkuntza Sailaren ordezkaritzan
Ibai Ikastolako Guraso Elkarteak bultzatuta, eskoletan bizi duten egoera salatzeko komunikatu bat plazaratu dute hainbat guraso elkartek. Halaber, elkarretaratzera deitu dute datorren ostiralerako, hilaren 18rako. Mobilizazioa Andia kaleko Hezkuntza Sailaren ordezkaritzan izango da, 18:00etan.
Oihana Santolariak, Ibai Ikastolako Guraso Elkarteko kideak, azaldu duenez, hainbat gurasok eman diote atxikimendua zabaldutako komunikatuari, besteak beste, Jakingura Jakintza Ikastolako ikasleen Guraso Elkartea, Ikasbide Ikastolako Ikasleen Guraso Elkartea, Mendizorrotz Igeldoko Guraso Elkartea, Luberri Bostak Luberriko Guraso Elkarteak eta Amassorraineko Guraso Elkarteak; gainera, Baikara Federazioak (Gipuzkoako eskola publiko ez unibertsitarioen Ikasle Gurasoen Elkarteen Federazioa) ere eman dio atxikimendua.
Gurasoen ustetan, ikasturte hasieran eskoletan bizi duten egoera “onartezina” da, eta uste dute egoera berriak “informazio nahasia” ekarri arren, badagoela hainbat neurri hartzeko informazio nahikoa. Guraso elkarteek kritikatu dute Hezkuntza Sailak eta gainerako erakundeek ez dutela “inongo borondaterik” mahai gainean dauden arazoei soluzioak bilatzeko eta erraztasunik emateko.
“Egoera honek, gure seme-alabei eta, noski, gurasoei ere, arlo guztietan ondorio latzak ekarriko dizkigula badakigu . Horregatik guztiagatik gure kezkak eta aldarrikapenak hiru multzotan biltzea pentsatu dugu neurri horiek hartzeko gaitasuna duenari lana errazteko asmoz”, adierazi dute komunikatuan. Horrela, aldarrikatu dute aurrez aurreko eskolak bermatzea nahi dutela, horretarako baliabideak beharrezkoak direla, eta kontziliazioa bermatzeko konponbideak behar dituztela haurrekin etxean eta lanik egin gabe geratu beharko duten gurasoentzat.