"Kalean dagoen gaia ez da estropada, baizik eta nork itxi duen negozioa"
Iparrorratzak, arropa nautikoa eta egurrezko itsasontziak saltzen dituzte, besteak beste, Kale Nagusiko Enbata dendan. Gainera, estropada garaian festa giroa bizi ohi dute, eta egurrezko traineruak erostera joaten dira bezero asko, opariak egiteko. Pandemiagatik eta estropada girorik ezean, Oihane Oronoz dendako arduradunak nabarmendu du egoera oso bestelakoa dela aurten.
Arrauna pil-pilean izaten da aste honetan Kontxan. Nola bizi ohi duzue?
Normalean, sare sozialetan traineruak zozkatzen ditugu, estropada nork irabaziko duen asmatzen dutenen artean. Horri esker, jende asko dendara etortzen da traineruak oparitzeko. Gainera, ohi baino traineru gehiago egiten ditugu estropada garaian, jendea galdetzera gerturatzen delako, eta erakusleihoa ere apaintzen dugu arraunari lotutako objektuekin eta estropadak irudikatuz. Oro har, estropada giro hori aste osoan nabaritzen da auzoan.
Estropada garaian, jendea gehiago joaten da dendara?
Mugimendu handiagoa izaten da, bai, bezero gehiago sartzen dira traineruak begiratzera. Hala ere, taldeetako kamisetak erostera etortzen direnak ere badira, nahiz eta geuk ez ditugun saltzen [barrez].
Egurrezko traineruak saltzen dituzue. Nondik ekartzen dituzue?
Batela etxeak diseinatu eta margotzen ditu. Guk hemen traineruen izenak jarri —horiek ere Batelak egindakoak— eta traineruak pertsonalizatzen ditugu nahi izanez gero; adibidez, data esanguratsu batekin. Enpresek halakoak eskatzen dituzte batzuetan. Beste batzuetan, esaterako, ohikoa ez den talde bat sailkatzen denean, hori oroitzeko trainerua oparitzen dio familiak arraunean aritu den senideari.
Eta, aurten, nolakoa izan da estropada garaia?
Ez dugu ezer egin. Kalean dagoen gaia ez da estropada, baizik eta nork itxi duen negozioa. Traineru batzuk saldu dira, baina lehenagotik ezagutzen gintuzten batzuek aurretik interesa zutelako. Oro har, gutxi saltzen ari gara. Ez da jenderik atzematen, eta joan den asteburua desastre hutsa izan zen. Kalean ez zebilen inor; beraz, oso zaila da espresuki erostera ez datorren norbait dendara sartzea. Guk igandetan ez dugu zabaltzen, baina zabaltzen dutenek ere esan digutenez, askok arratsaldean itxi egin zuten, inor ez zegoela ikusita.
Gainera, neurri batean, jendeari esaten zaio Parte Zaharra ez zapaltzeko. Udala ere atera da esanez asteburu horietan polizia gehiago jartzen ari direla talde txikiak ere ekiditeko. Hori dela eta, ez zitzaigun zentzuzkoa iruditzen.
Orokorrean, nola eragin dizue pandemiak?
Eragin latza izan du langileengan eta negozioarengan bertan. Salmentari dagokienez, oso bitxia da. Oraintxe, sentitzen dugu denda bat izateko hiriko tokirik txarrena dela Parte Zaharra. Turismoaren gorakada masiboak eragin dituen ondorioak pairatzen ari garelako izan daiteke. Zenbait ostalariren apustua, ez guztiena, hemengo jendea baztertzea izan denez, orain bueltakoa datorkigu. Gipuzkoako beste herrietako zein Euskal Herri osoko biztanleak Donostiara datozenean beste toki batzuk aukeratzen dituzte.
Hilabete guztietan egoera berdina izan da?
Maiatzean, denda berriro ireki genuenean, uztailera arte gogorra izatea espero genuen. Baina oso gogorra izan zen, are gehiago ikusita beste hainbat auzotan bazegoela mugimendua. Udan apur bat gehiago saldu da, baina orokorrean oso motel. Horri beste faktore bat gehitu behar zaio: Parte Zaharrak alokairu nahiko altuak ditu. Arazoa ez da pertsona edo saltoki bakarrarena. Alokairuak jaitsi ezean, askorentzat zaila izango da neguari aurre egitea; batik bat, ez dirudielako udazkenean edo neguan salmenta onak izango dugunik.
Itxialditik bueltan, zuen dendan, aldatu egin dira erosteko ohiturak, ala lehengo produktu berak saltzen dira gehien?
Jende asko sartzen da begiratzera. Ez dakit kontrastatzera ote datozen edo ez. Izan ere, lehen, Internetetik erosteko ohiturarik ez zuten asko, orain, itxialdian, horretan abilak bilakatu dira. Edozein kasutan, jende gutxi ibili da. Bestalde, inguruko bezero eta ezagunek ireki izana eskertu, eta euren babesa adierazi digute nolabait. Esaterako, tokiko dendetan erosketak sustatzeko bonuak atera zituztenean, hainbat pertsona etorri zitzaizkigun esanez bonuak hartu zituztela. Askok ez zuten ezer zehatzik nahi; besterik gabe, gu laguntzeko erosi zituzten. Egoeraz ere galdetzen digute auzotarrek. Azken batean, Parte Zaharrean nahiko errotuta dauden zenbait saltoki eta taberna ixten badira, zer izango da hau bi urte barru!