Kursaalek Miramar Jauregiaren kudeaketa bere gain hartu du
Miramar Jauregi Partzuergoak giltzak eman dizkio gaur Kursaal Elkarguneari, eta aurrerantzean beraiek arduratuko dira eraikinaren kudeaketaz. Kultur jarduerak antolatzeaz arduratuko dira eta Donostia, Gipuzkoa zein EAEko “aberastasuna eta irudia indartuko duten” kongresu, konbentzio eta ekitaldiak egingo dituztela iragarri dute.
Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute Miramar Jauregi Partzuergoak. Pasa den ekainean berritu zutne eraikina 20 urte erabiltzeko emakida. Hemendik aurrera, ordea, Kursaal Elkarguneak hartuko du kudeaketaren ardura. Lankidetza hitzarmenaren ekitaldian parte hartu dute Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Eneko Goia alkateak eta Iker Goikoetxea Kursaal Elkarguneko zuzendariak.
“Miramar Jauregiak balio historiko handia dauka, eta hirian kokapen ezinhobea du. Horrek ahalmen handia ematen dio ekitaldietarako trakzio-ibilgailu gisa, eta Kursaalek espazio hori bere gain hartzeak aukera zoragarria ematen dio kongresuen eremu gutiziatuan dugun kokapena indartzeko”, azpimarratu du Goikoetxeak.