Woody Allenek Donostian grabatutako filmaren aurrerakina argitaratu dute
Woody Allen zinemagile estatubatuarraren Rifkin’s Festival filmak irekiko du Donostiako 68. Zinemaldia, eta aurrerakina argitaratu berri dute. Allenek iazko udan grabatu zuen filma Donostian, eta hiriko hainbat agertoki ezagun ikus daitezke aurrerakinean, hala nola, Maria Cristina hotela, Kontxako hondartza, Gipuzkoa plaza, Parte Zaharra eta Altxerri taberna. Hain justu, azken agertoki horretan pianoa jotzen ageri dena Iñaki Salvador musikari donostiarra da. Ez da aurrerakinean azaltzen den Donostiako pertsona ezagun bakarra, buekaeran Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria ere agertzen baita.
Donostiako Zinemaldian girotutako komedia erromantikoa da Rifkin’s Festival, eta Elena Anaya, Sergi Lopez, Wallace Shawn, Gina Gershon eta Louis Garrel dira aktore nagusiak. The Mediapro Studio ekoiztetxeak joan den astean aurkeztu zuen kartela, Jordi Labanda ilustratzaile katalank diseinatutakoa.
Allen hirian egoteak zeresana eman zuen iaz, eta aldeko zein kontrako iritziak izan ziren, eragin handia izan baitzuen Donostian. Hedabide honek ahots guztiak bildu zituen, eta erreportaje sakona osatu zuen.
Jarraian, filmaren aurrerakina, ingelesez: