Ziurtasun bila dabiltza haurtxoko eta gaztelekuetako langileak
Donostiako Udalak hiriko haurtxoko eta gaztelekuetako eta Etxarriene zentroko zerbitzuak emateko aurrekontua %40 murriztu duela salatu dute langileek eta ELA sindikatuak, eta udalari bilera bat eskatu diote. Momentuz, ordea, ez dute erantzunik jaso.
Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileak irailaren 1ean hasi ohi dira lanean, baina aurten, COVID-19aren krisia dela eta, dena atzeratzen ari da. Goretti Mella eta Mikel Sotillos langileek azaldu dutenez, koronabirusaren ondorioz murrizketaren bat izatea espero zuten, baina ez horrenbeste: “Abuztuaren 6an atera ziren plegu berriak, eta egin dituzten murrizketak gehiegizkoak dira. Gainera, oso injustuak dira puntu batzuetan, jartzen baitu ‘egoera berezietan’ langile batzuk kalera joan daitezkeela; ordea, ez du zehazten zeintzuk diren egoera horiek”, azaldu du Mellak.
Hain justu, aurrekontua %40 murriztu dute (400.000 euro gutxiago), lanorduak murriztu dizkiete –astean 33 ordu egiten zituztenek 26 egingo dituzte eta 21 ordu egiten zituztenek 16 egingo dituzte– eta alarma egoera batera itzuliz gero, 44 langiletik 38k izango lukete lanpostua bermatuta, telelanaren bitartez; beste sei langileen inguruan ez dago zehaztasunik. Horretaz gain, Parte Zaharreko haurtxokoa itxi dute. Murrizketa horiek, langileei ez ezik, erabiltzaileei ere eragingo dietela nabarmendu du Sotillosek: “Gure kezkak bi alde ditu: alde batetik, gure lan baldintzek kezkatzen gaituzte, eta bestetik, haur eta gazteei zerbitzu duin bat eman nahi diegu, eta baldintza hauetan ezin dugu”. Ildo beretik jo du Mellak: “Partzialtasun osoan ari gara lan egiten, jardunaldi osoa zutenek ere ez baitzituzten hitzarmeneko 35 orduak egiten, 33 baizik. Orain, partzialtasuna areagotu egin da. Bestalde, haur askok gure languntza behar dute, besteak beste, euskarazko etxekolanak egiteko, baina haurtxokoak eta gaztelekuak itxita daudenez oraindik, nola jasoko dute laguntza hori?”.
ELA sindikatuko Maia Beitiak salatu du murrizketa hauekin udala prekarietatea sustatzen ari dela: “Haurtxoko eta gaztelekuak udalaren zerbitzu publiko bat dira, baina enpresa baten bitartez ematen du. Murrizketa hauek ikusita, oso larria iruditzen zaigu, erakunde publiko batek, diru publikoarekin ematen duen zerbitzu bateko langileak horrela tratatzea eta prekarietatea bultzatzea”. Bestalde, ELAkoak gaineratu du ezin direla murrizketak egin horrelako zerbitzuetan: “COVID-19aren ondorioz, aldaketak egin behar dituztela diote, baina ezin da hiritarrei ematen zaien zerbitzu bat horrela kolokan utzi”. Era berean, zerbitzu horren garrantzia nabarmendu du: “Gazteengan inbertitzea etorkizunean inbertitzea da; zerbitzua jasotzen duten haur eta gazte horiek babesik gabe uzten badituzu, zer hiri mota ari zara eraikitzen?”.
Bileraren zain
Mellak eta Sotillosek azpimarratu dute ziurgabetasun handia dutela une honetan, ez baitakite noiz irekiko dituzten zentroak, ezta lanean noiz eta zein baldintzatan hasiko diren ere. Gainera, azaldu dute murrizketak ez direla berriak: “Urtez urte murrizketak egiten joan dira, baina aurtengoa gehiegizkoa izan da”.
Horregatik, oposizioko taldeekin harremanetan jarri dira, gaia iraileko udalbatzarrean tratatzeko. Bestalde, udaleko Gazteria sailari bilera bat eskatu diote, “entzunak izateko, murrizketak azaltzeko eta gurekin zer gertatuko den jakiteko; ziurgabetasun honekin bukatzeko”. Momentuz, ordea, ez dute erantzunik jaso. Hedabide hau udalarekin harremanetan jarri da, baina Duñike Agirrezabalaga Gazteria zinegotziak azaldu du ez duela hitz egin nahi zerbitzua eskaintzen duen enpresaren helegitea argitu arte. Bestalde, langileek elkarretaratzea egin zuten atzo, udaletxearen aurrean.