Bandera etxean geratzeko beste urtebete itxaron beharko da
Oriok eta Hondarribiak astindu dute Kontxako Bandera. Emakumezkoetan, Donostiarrak eskura izan du etxeko estropada irabazteko aukera, baina arerio zailena izan du aurrean. Arraun Lagunakek hirugarren bukatu du. Gizonezkoetan, Donostiarrak seigarren postuari eutsi dio.
Historia egiteko aukera ezerezean geratu da Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. 70 urteren ondoren, Donostiarrak eskura zuen etxeko bandera eskuratzeko, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan dute. Aurrez aurre arerio zailena izan dute: Orio. Euskotren ligako txapeldunek eskuratu dute bigarren urtez jarraian bandera. Arraun Lagunakek, aldiz, hirugarren postuari eutsi dio estropada bikaina egin ostean. Gizonezkoen estropadan, Hondarribiak lehen jardunaldiko nagusitasuna berretsi du gaur ere, eta bandera astindu dute.
Eguraldi beroa eta haize aldakorra. Baldintza horietan lehiatu dira hamasei traineruak Kontxako badian. Emakumezkoen lehen txandan, Hondarribiak egin du denborarik onena, Hibaika, Zumaia eta San Juanen aurretik. Hasieratik bukaerara estropada buru izan dira, eta sailkapen orokorreko bosgarren tokia lortu dute. Ohorezko txandan, berriz, ikuskizuna erabatekoa izan da. Orio eta Donostiarraren artekoa estua izatea espero zen, eta horrela izan da ziabogara iritsi bitarte. Bigarren luzean oriotarrek bandera lotu dute estropada bikaina egin ostean. Donostiarra izan da bigarren, Arraun Lagunak hirugarren eta Tolosaldea laugarren.
Bigarren jardunaldiko sailkapena:
01. Orio 21:59,80
02. Donostiarra 22:13,84
03. Arraun Lagunak 22:27,26
04. Tolosaldea 22:31,92
05. Hondarribia 22:40,38
06. Hibaika 22:51,72
07. Zumaia 23:03,82
08. San Juan 23:22,20
Sailkapen orokorra, bi jardunaldiak batuta:
01. Orio 21:59.80
02. Donostiarra 22:13.84
03. Arraun Lagunak 22:27.26
04. Tolosaldea 22:31.92
05. Hondarribia 22:40.38
06. Hibaika 22:51.72
07. Zumaia 23:03.82
08. San Juan 23:22.20
Gizonezkoetan, lehen txandan aritu da Donostiarra, hiriko ordezkari bakarra. Txanda irabaztea zuten helburu, eta lehen luzearen ondoren, lortzetik gertu zeudela zirudien. Ziabogan txandako denborarik onena egin dute. Ordea, bigarren luzean Urdaibaik hartu du estropada burua, eta 500 metroren faltan buruz burukoa izango zelakoan, azkenik aurrera egin dute bizkaitarrek. Sei segundura beranduago iritsi da Donostiarra, bigarren tokian, Cabo izan da hirugarren eta Zarautz laugarren. Sailkapen orokorrean seigarren geratu dira donostiarrak. Ohorezko txandan ikusi da traineru bat gainerakoen aurretik aritu dela. Sailkatze estropadan izan ezik, bi jardunaldietan Hondarribiak egin du lanik onena itsasoan. Pasa den asteburukoari eutsi dio Ama Guadalupekoak, eta merezimendu osoz irabazi du Kontxako Bandera. Zierbena izan da bigarren, Orio hirugarren eta Santurtzi laugarren.
Bigarren jardunaldiko sailkapena:
01. Hondarribia 19:39.22
02. Zierbena 19:44.52
03. Orio 19:51.82
04. Urdaibai 19:52.70
05. Santurtzi 19:55.74
06. Donostiarra 19:58.18
07. Cabo 20:00.36
08. Zarautz 20:25.12
Sailkapen orokorra, bi jardunaldiak batuta:
01. Hondarribia 39:26.52
02. Zierbena 39:39.74
03. Santurtzi 40:02.40
04. Orio 40:02.66
05. Urdaibai 40:09.70
06. Donostiarra 40:16.48
07. Cabo 40:38.66
08. Zarautz 41:22.66