Donostiako Udalak Moriako errefuxiatuei, eta beharrezko neurriak hartzeko eskatu die Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei
Donostiako udaletxea. Azken asteotan Greziako Moria errefuxiatuen kanpalekuan izandako suteen ondoren, Donostiako Udalak elkartasuna adierazteko adierazpen instituzionala argitaratu du. 3.000 pertsona jasotzeko prest zegoen kanpalekuan 12.000 pertsona daudela salatu du udalak, baita Europako estatuek errefuxiatuak artatzeko hartutako konpromisoa bete ez dutela kritikatu ere. Bestalde, gogoratu du gero eta koronabirus kasu gehiago daudela Morian, han bizi diren pertsonen egoera are gehiago kaskartuta.
Horregatik, udalak elkartasuna adierazi die Moriako errefuxiatuei, eta krisi humanitarioari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko eskatu die Espainiako Gobernuari eta Europako erakunde guztiei. Era berean, Donostiaren “harrera hiri” izaera nabarmendu du. Jarraian, adierazpen osoa:
Elkarte eta erakundeak egoeraren mapeoa egiten ari dira, pertsona errefuxiatuak non pilatu diren aztertzen eta janaria nola banatu eta haiengana nola heldu baloratzen. Lan hori egiten ari direnen artean, Zaporeakeko kideak daude (Moiran egunero 1.500 pertsonentzako janaria prestatzeagatik eta banatzeagatik ezaguna den Donostiako elkartea).
Horiek horrela, honako adierazpen instituzionala onartu da:
1. Donostiako Udalak “harrera hiritzat” du bere burua, eta elkartasuna adierazi nahi die haien bizilekuetatik alde egin beharrean diren pertsonei. Eta gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egitekoa ere.
2. Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du, eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere.
3. Donostiako Udalak Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die har ditzatela premiazko neurriak krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, eta politika bateratu bat egin dezatela immigrazio eta asilo arloan, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela ere eskatzen die.
4. Donostiako Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Moriako tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.

