Donostiatruk bigarren eskuko azoka egingo dute larunbatean

Donostiako Udaleko Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin elkarlanean antolatuta, Donostiatruk azoka egingo dute larunbatean, hilaren 19an, Easo plazan. Bigarren eskuko azoka da, eta produktuak berrerabiltzeko eta hondakinak murrizteko helburuarekin antolatzen dute. Askotariko produktuak saltzen dituzte azokan, hala nola, arropa, jostailuak eta liburuak. 10:00etatik 14:00etara egingo dute.
Oraingoan, koronabirusa dela eta, postu kopurua murriztu dute, eta hainbat neurri hartu dituzte: bezeroek ezin izango dituzte produktuak manipulatu eta arropa probatu, eta bigarren eskuko gauzak direnez, erosi ondoren, desinfektatzeko edo berrogeialdian jartzeko eskatu diete herritarrei.