52 ikuskizunek osatuko dute Donostia Kulturaren udazkeneko programazioa
Silvia Perez Cruz musikaria, 2015. urteko Jazzaldian, Trinitate plazan. Kontzertua egingo du Viktoria Eugenian azaroan. (Argazkia: Noiz) Donostia Kulturak aurkeztu du Viktoria Eugenia antzokian, Antzoki Zaharrean, Egiako Gazteszenean, Lugaritzeko Imanol Larzabal aretoan eta Larratxo kultur etxean udazkenean izango den programazioa. Orotara, arte eszenikoetako 52 ikuskizun programatu dituzte: 23 kontzertu, hamasei antzezlan eta hamahiru dantza pieza.
Donostia Kulturakoek nabarmendu dute kultur etxeetan izango den “eskaintza zabala”. “Horren adibide dira Egiako Gazteszenan izango diren Osa & Mugikaren Loser eta Lasalaren Dead dantza estreinaldi esanguratsuak”, esan dute.
Antzerkian, berriz, azpimarratuko dute Viktoria Eugenian izango dela 2020ko Antzezlan Onenaren Max Saria jaso duen Jauria antzezlana. Halaber, euskaraz “hitzordu interesgarriak” izango direla aurreratu dute: besteak beste, Angela, Iparragirreren bertso librea, Kutsidazu bidea Ixabel (musikala) eta Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolaren Losers-Galtzaileak.
Musikari dagokionez, Viktoria Eugenian izango diren hainbat artista nabarmendu dituzte antolatzaileek: Silvia Perez Cruz, El Drogas eta Nacho Vegas. Gainera, euskal musikaren esparruan aipatzekoak dira haien ustez Garikoitz Mendizabalen eta German Ormazabalen azken proiektua, Metamorfosia; Gatiburen 20. urteurrena; eta Mikel Azpirozen azken lana, Islak.
Ikuskizun guztietarako sarrerak salgai daude Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, baita Donostia Kulturaren webgunean ere.

