Zubietako erraustegiarekin lotutako lau pertsona ikertzen ari dira, maiatzeko isuria dela eta
Maiatzaren 9an Zubietako erraustegiaren inguruan amoniako isuri bat gertatu zen, eta hainbat arrain hilik agertu ziren erraustegiaren azpiko Arkaitzerreka errekastoan. Donostiako 5. Instrukzio epaitegiaren esku dago auzia, eta Donostiako fiskaltzaren ingurumen alorrak aginduta, erraustegiarekin lotutako lau pertsona ikertzen ari dira Espainiako Guardia Zibila eta Europol. Isurketa gertatu eta gutxira, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) azaldu zuen erraustegitik kanpoko kamioi bat deskarga egiten ari zenean gertatu zela isurketa.
Guardia Zibilaren arabera, isuria amoniako zisterna bat deskargatzean gertatu zen, azpiegiturak ez zuelako ondo funtzionatu. Azaldu dutenez, amoniakoz kutsatutako 2.200.000 litro ur isuri ziren errekastora, eta teknikariek erraustegiaren prozedura “urratu” zutela nabarmendu dute: “Operazioa zaintzen ari ziren teknikariek ez zioten isuriari garrantzirik eman, erraustegiaren prozedura urratuz”. Era berean, ikerlarien aburuz, “ez ziren uraren pH maila neurtzeko segurtasun neurriak aktibatu”.
Isuria gertatu eta gero, GHK-k espedientea ireki zion Ekondakin erraustegiaren enpresa kudeatzaileari, eta 45.000 euroko isuna jarri zion uztailaren 29an: 25.000 euro amoniako isuriaren berri eman ez izanagatik, 10.000 euro askaren diseinuan egindako aldaketaren berri eman ez izanagatik eta beste 10.000 euro ez egiaztatzeagatik pH-metro matxuratuta zegoela. Bestalde, Guardia Zibilaren ikerketaren harira ere balorazioa egin du GHK-k, eta nabarmendu du ikerketa horrek “berretsi” egin dituela aipatu espedientean jasotako datuak. Horretaz gain, kontsortzioa prest agertu da duen informazio guztia ikerketan parte hartzen ari diren erakundeei helarazteko.