Goi mailako sukaldaritza Intxaurrondora ekartzen lagundu zuen
Juan Mari Arzak sukaldariaren bizitza eta ibilbidearen inguruko dokumentala estreinatuko da 68. Zinemaldian. ‘Arzak since 1897’ filmak inauguratuko du Culinary Zinema saila. Intxaurrondon sortu eta egonkortu zen jatetxeak leku berean jarraitzen du.
Milaka eskaintza izan ditu Arzakek, baina betidanik argi izan du bere etxea Mirakruz gainekoa dela, Alto Vinagres deitzen ziotena», azaldu du Peio Garcia Amianok. Intxaurrondoko Gastronomia Elkartearen sortzaileetakoa da, eta gaur egun Zaporeak egitasmoaren sustatzaile eta arduradunetako bat. Txikitatik ezagutzen du Juan Mari Arzak sukaldaria, eta ordutik harreman estua du berarekin. «Egitasmo asko konpartitu ditugu, baita parrandak ere».
Intxaurrondotik mugitu ez izanaren arrazoia azaldu du Garciak: «Paquita amaren etxea mantendu nahi izan du. Han jaio zen eta etxe horretako sukaldean bizi izan dela dio beti. Askotan, sukaldean lo egiten zuen, amak ez zuelako etxera joateko denborarik izaten», azpimarratu du Garciak. Hain zuzen ere, Juan Mari Arzaken aurretik, jatetxea Paquita Arratibel amak zeraman. «Haurra nintzela tarteka deitzen zidaten jatetxean laguntzeko. Asteburutan ezkontzen oturuntzak egiten zituzten. Batez ere, garaiko zizka-mizkak jartzen nituen mahaietan; urdaiazpikoa eta zainzuriak. Ondoren, freskagarri bat eta pintxo bat eman, eta pozik joaten nintzen etxera», gogoratu du Garciak.
Intxaurrondoko bizilagun bat gehiago da Arzak, Garciaren arabera: «Lotura berezia du auzoarekin eta auzotarrekin. Izan ere, bere etxera jatera doazen auzotarrek beste prezio bat izaten dute». Intxaurrondoko Artzak Ortzeok elkarteko kidea da, Garcia bezala. Halere, argitu behar da elkartearen izenak ez duela loturarik sukaldariaren abizenarekin. «Elkartearekin harreman berezia izan du betidanik.
Sukaldaritza ikastaroak antolatu ditugu, eta, asko lagundu zigun Intxaurrondoko Gastronomiaren Astea egiten genuen garaian. Afari asko elkartean egiten genituen». Elkarteko danborradaren sustatzaileetako bat izan zela gaineratu du Garciak:. «San Sebastian egunean auzoko danborrada guztiek jatetxearen aurrean jotzen dute, eta baten batek huts egiten badu purrusta egiten die».
Mundutik Intxaurrondora
Oraitz Garciak, Peio Garciaren semeak, Gastrofesta.com webgunean ondorengoa idatzi zuen Arzaken inguruan: «Intxaurrondotik mundura, eta mundutik, Intxaurrondora». Hain zuzen ere, goi mailako sukaldaritza Donostiako auzo batera ekartzen lagundu zuen Arzakek. Horrela, 1987an auzotar batzuek sorturiko Intxaurrondoko Gastronomia Elkartearen ametsa errealitate bihurtu zuten. «Gastronomiaren Asteak izan zuen arrakastaren parte garrantzitsu bat da bere ekarpena. Berari esker goi mailako sukaldariak etorri ziren auzora. Sukaldaritzan izen handikoa izanik, erabakigarria izan zen antolatzen genuen astea hauspotzeko», azaldu du Garciak.
«Juan Marik esaten du munduko gastronomia aste onenetakoa izan zela Intxaurrondokoa. Goi mailako afariak eskaintzen genituen prezio eskuragarri batean. Garai hartan hori ez zuen inork egiten». Hasiera ez zen erraza izan, baina denborarekin sekulako arrakasta izan zuen gastronomiaren asteak. «Kostatu zitzaigun jendea erakartzea, eta afarietarako gonbidapenak banatu behar izan genituen elkartea betetzeko. Ordea, Arzaken laguntzari esker sekulako arrakasta izan zuen. Sarrerak erosteko ilara luzeak sortzen ziren».
Garai hura ondo gogoratzen du Iñaki Urangak, Artzak Ortzeok elkarteko bazkideak: «Txikitatik ezagutzen dut, baina harremana estutu nuen berarekin gastronomiaren asteko afariak elkartean egiten genituenean», gogoratu du. Sukaldari ospetsuak ekartzen zituzten Artzak Ortzeokera, eta Urangak gogoan du horrekin loturiko anekdota bat: «Ferran Adria etorri zen urte batean, Juan Marirekin mahaian eserita geunden, eta esan zigun Adriak kezko zopa bat aterako zigula. Ez genekien brometan ari ote zen. Ordea, Adriak kezko zopa bat atera zigun katilu txiki batzuetan, eta mikrofonotik esan zuen koilararekin kea hartu behar genuela. Dibertigarria izan zen gertaturikoa».
Jatorra eta alaia
Sukaldari ospetsua ez ezik, pertsona «jatorra, alaia eta irekia» dela dio Garciak. «Beti laguntzeko prest dago, eta horregatik oso estimatua da». Uranga iritzi berekoa da: «Sukaldetik kanpo pertsona normala eta gertukoa da». Garciak antolatu dituen egitasmo askotan alboan izan du Arzak. «Gaur egun ere oso konprometituta dago Zaporeak egitasmoarekin».
Dokumentalaren estreinaldira joango da Garcia, Arzakek gonbidatuta. Baita Basque Culinary Center-eko afarira ere.