Gutxiago gelditzen da 2021eko Porrontxo jaietarako
Ohiko egoera batean, Egian asteburu luze baterako prestatzen arituko ziren, baina gainontzeko jaien moduan, Porrontxo jaiak ere bertan behera gelditu dira. Hala ere, auzoa alaitu nahi dute jai batzordekoek.
Egia ez dago koronabirusaren eraginetik at, eta pena handiz bada ere, Porrontxo jaiak bertan behera uzteko erabakia iragarri zuten antolatzaileek hilaren hasieran. Txomin Bornaetxea jai batzordeko kideak azaldu duenez, maiatzean, konfinamendu osteko lehenengo koadrilen batzarra egin zutenean, oraindik jaiak egiteko asmoa zuten. Denborak aurrera egin ahala, eta egoerak hobera egiten ez zuela ikusita, ordea, jaiak ez egiteko erabakia hartu zuen batzarrak, “jende pilaketak ekiditeko”.
Horretaz gain, Bornaetxeak nabarmendu du jaiak euren kabuz bertan behera utzita saihestu nahi izan zutela “udalak jai herrikoien aurkako beste ekintza bat gauzatzea”.
Jaiak bertan behera utzita ere, antolatzaileak pentsatzen hasi ziren zer egin zezaketen Porrontxo jaietako asteburuan, inor arriskuan jarri gabe. “Arriskutsua jendea pilatzea da, ez ondo pasatzea, lagun zaharrekin elkartzea edo merezi duen jendea omentzea”, azaldu du Bornaetxeak. “Porrontxo jaiek ematen dizkiguten gauza on guztiak aurten ere, ahal den heinean, bizi nahi ditugu”, gaineratu du jai batzordekoak.
Horregatik, auzoko jendea elkartzeko eta 2021eko Porrontxo jaietarako gero eta gutxiago gelditzen dela gogoratzeko, bizilagunei bideoak bidaltzeko eskatu diete, jaietan egin ohi dituzten gauzak egiten. Hainbat pieza jaso dituzte, eta denekin telesaio bat osatu dute, bideo horiek bideo zaharrekin tartekatuz; telesaioa atzo ziren ematekoak, Hamaika Telebistan.
Bestalde, auzoko balkoi eta leihoak jaietako gauzekin apaintzeko deialdia ere zabaldu dute, “jendeak ez ahazteko Porrontxo jaietako egunak direla”. Izan ere, Bornaetxeak azpimarratu du COVID-19aren gainetik, ondo pasatzeko moduak bilatu behar direla: “Errutinatik atera behar dugu, eta etxean dantzatu nahi duenak dantzatu dezala, jaiak bertan behera gelditu izana ezin da aitzakia izan”.