"Kamera atzean jartzea gustuko dut, begirale izatea"
68. Donostiako Zinemaldian aurkeztuko du lehen lana Marina Palaciok (Antigua, 1996). Banpiroei buruzko ‘Ya no duermo’ izeneko film laburra osatu du, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatuko dute bihar. Familiaren babesarekin egin du filmatzea, eta jorratu nahi duen zinemagintzaren abiapuntua da. Dagoeneko aurreneko film luzearen idazketa prozesua egiten ari da.
Banpiroei beldurra diezu?
Uste dut baietz. Berez ez dira existitzen, baina horrela balitz beldurra izango nieke. Txikitan aitarekin banpiroei buruzko film asko ikusi nituen, eta berak banpiroei zien beldurra transmititu dit niri ere.
Zinemaldian zure lana aurkezteko beldur zara?
Alderantziz. Aurkezteak soilik nire aurreikuspen guztiak betetzen ditu. Ez nuen espero aukera hau izango nuenik. Beraz, oso pozik nago, gertatzen dena gertatzen dela nire lana erakutsi ahal izango dudalako. Jendeari gustatzea edo ez, ikuslearen araberakoa izango da.
Lo lasai egiten ari zara estreinaldia iritsi bitarte?
Orain arte ez naiz urduri jarri egitekoak izan ditudalako, eta aurkezpenean pentsatzeko aukerarik ez dit eman. Halere, aste honetan konturatzen hasi naiz badatorrela estreinaldia, eta urduriago sentitzen naiz. Horrela ere, lo lasai eginda joango naiz aurkezpenera.
‘Ya no duermo’ film laburra Zabaltegi-Tabakalera atalean proiektatuko da, eta era berean Kimuak sailerako hautatuetako bat da. Aukera paregabea da zuretzat?
Zalantzarik gabe. Aukera zoragarria da bide honetan lagundu eta konfiantza osoa eman didaten pertsona guztiekin konpartituko dudalako. Horiek dira familia eta Elias Kerejeta zinema eskolakoak. Ate handi bat irekiko zaidala uste dut. Nire lanari ikusgarritasuna emango zaio, soilik elkarrizketa hau eskaintzearekin konturatzen naiz aurretik horrelakorik ez dudala bizi izan. Lehen esperientzia bat da, ikasteko eta gozatzeko.
Zinemaldian lan bat aurkezten duen zuzendari donostiar gazteena zara?
Nest sailean zuzendari gazteak daude, baina donostiarren artean ez dakit gazteena naizen. Baliteke gazteenetako bat izatea, baina hori Zinemaldiak jakingo du.
Film berezia, xumea eta familiarra da. Bi protagonista, bien arteko harreman berezia eta istorio bitxi bat. Gehiegi esan gabe, horrela dela uste duzu?
Nik uste dut baietz, gutxi gorabehera hori islatzen du. Halere, filmaz bi modutara hitz egin dezaket. Batetik, azken emaitzaz, eta, bestetik, bi urte inguruko lanaz. Barrura begirako esperientziari dagokionez, bilaketa gorabeheratsua izan da. Filma egiten hasi nintzenean zoriaren esku utzi nuen. Horrela, probak eta inprobisazioak egin nituen. Ez nekien zeri buruzkoa izango zen filma, argi nuen gauza bakarra zen nire aitarekin egingo nuela.
Azken emaitzari dagokionez, film xumea dela iruditzen zait, modu erabat xumean egindakoa. Pentsa, talde teknikoa aitak, nire lehengusu txikiak eta hiruok osatzen dugu. Tira, nire osaba soinuaz arduratu zen filmatzearen une batzuetan. Azken batean, familian egindako jolas bat da. Filmaketak asteburutan egiten genituen, batzuetan goizez, eta beste batzuetan arratsaldez familiarekin bazkalduta.
Istorio hau filmatzeko ideia nondik datorkizu?
Esan bezala, argi nuen aitarekin film bat egin nahi nuela. Bera protagonista izatea nahi nuen. Ezezko borobila eman zidan proposatu nionean. Ahazteko esan zidan. Dena dela, baldintza bat jarri zidan parte hartzeko. Esan zidan banpiroei buruzko zerbait egiten bagenuen agian animatuko zela. Eta hor hasi zen dena. Badakit nire aitak sormen gaitasun eta irudimen handia duela, eta hori oso gustuko dut. Aberatsa da bere barne mundua, eta lanean hori islatzea nahi nuen. Banpiroei buruzkoa da filma, bai, baina istorioaren benetako oinarria nire aita da.
Nolakoa izan da aitarekin lan egitea?
Ez da erraza izan. Asko eztabaidatzen dugu, berez, eta horrek zertxobait zaildu zuen filmaketa. Nahiko errebeldea izan zen, ahaztu egiten zitzaiolako zuzendaria ni nintzela. Halere, ondo moldatu ginen. Gustura dago emaitzarekin, nahiz eta ez duen gustuko bere burua ikustea pantailan.
Kontakizun askea du filmak, gidoi zehatzik gabekoa, inprobisazioan oinarriturikoa.
Horrela da, bai. Gidoia batez ere muntaian definitu da. Irudiak lehenetsi ditut, eta irudi zein plano horien arabera eraiki dut gerora gidoia. Oinarrian ez zegoen ezer modu zehatzean idatzita. Irudiekin joan gara istorioa eraikitzen, eta baita elkarrizketak ere.
Filmeko lan gehienak zuk egin dituzu, eta horien artetik argazki zuzendaritza nabarmentzekoa da. Palentziako paisaia zoragarriak ikus daitezke lanean.
Niretzat, Palentzia eta bereziki, Carrion de los Condes herria, oso berezia da. Nire amaren familia hangoa da, eta nire haurtzaroaren zati handi bat han pasa dut. Nire haurtzaroko paisaia da. Gogoan dut kometarekin galsorora joaten ginela. Urteen joan etorrian, eta nire sormen prozesuak aurrera egin ahala, Palentziak leku berezia irabazi du nire zinemagintzan.
Zer da zinemagintzatik gehien gustatzen zaizuna?
Kamera atzean jartzea gustuko dut, begirale izatea. Beraz, argazki zuzendaritza, kameraria eta zuzendaria izatea da gehien gustatzen zaidana. Bueno, eta baita muntaia ere. Oso gustuko dut. Material guztiarekin gauzak probatzea gustatzen zait, orduak eta orduak ematea lan horretan.
Argazki zuzendaritza ere egin duzu beste film eta bideoklip batzuetan. Baten bat aipatuko zenuke?
Bai, Jaume Claret zuzendari kataluniarraren Ella i jo film laburra. Nire laguna da, eta graduondoko kidea izan zen. Argazki zuzendaritzaz arduratu naiz bere lanean. Oso bestelakoa da nire filmarekin alderatuta. Prozesutik hasita lan talde teknikoraino. Pertsona gehiagok parte hartu dute, eta gidoi zehatz batean oinarritzen da. Erronka bat izan zen niretzat, eta asko gustatu zitzaidan esperientzia. Batez ere, 16 milimetrotan filmatu genuelako.
Nondik datorkizu zinemarekiko lotura?
Txikitatik eta nire gurasoei esker. Ostiralero film bat ikusten genuen etxean, eta normalean AEBetako klasikoak izaten ziren, bertsio originalean. Zinemarekiko interesa piztu zidaten. Gerora zinema gehiago ezagutu dut.
Arte Ederrak Madrilen ikasi ondoren, noiz erabaki zenuen zinemagintzara bideratuko zinela?
Argi nuen ikasketa horiek egingo nituela, baina ez zertan espezializatuko nintzen. Hirugarren eta laugarren urtean, ordea, film labur bat egin nahi nuela konturatu nintzen, eta horrela barneratu nintzen zinemaren alorrean. Benetan gustatzen zitzaidana hori zela konturatu nintzen. Marraztu eta margotzea gustuko dut, baina ez nituzke horretan hamabi ordu pasako. Ordea, film bat muntatzen, bai.
Zuzendari, aktore zein argazki zuzendari erreferenterik duzu?
Asko, gehiegi. Urte hauetan ikusi ditudan film asko gustatu zaizkit, eta zaila da bat aukeratzea. Hori bai, errealitatetik hurbilen dagoen zinema gustuko dut. Egunerokotasunarekin eta bizitzarekin loturiko istorioak. Gidoi on batekin eta pertsonaia naturalekin nahikoa da. Esaterako, Hirokazu Koreeda zinemagileak kontatzen dituen eguneroko istorioak gustatzen zaizkit. Jendeak esango du ez dutela ezer kontatzen, baina ez zait iruditzen beharrezkoa denik hilketa bat edo eztanda bat gertatzea istorio bat kontatzeko. Beste izen bat ere aipatuko nuke; Agnes Varda. Fikzioa eta dokumentalak egiten aritu zen, eta joera zuen ziurrenik zineman jorratuko ez ziren istorioak kontatzeko.
Lehen film luzea prestatzen ari zara, Eusko Jaurlaritzaren programa baten laguntzarekin. Nola doa prozesua?
Aurreneko fasean nago, idazketa prozesuan murgilduta. Filma imajinatzen ari naiz une honetan. Horretarako, aitarekin elkartu naiz, eta berarekin ari naiz irudikatzen. Oraingo honetan ez dit ezezkorik eman. Nire aitari gustatzen zaio idaztea, eta uste dut topatu dudala gidoia nirekin batera idatziko duen pertsona aproposena.
Filmaren istorioaz zer aurrera zenezake?
Aurkeztuko dudan film laburrarekin konparatuta, desberdina izango da. Horrela ere, loturaren bat edo beste izango du. Palentzian kokatu dut filma eta haur batzuk izango dira protagonistak.
Eperik ezarri diozu zure buruari filma osatu eta estreinatzeko?
Proiektu konplexua da, nire ideia delako bost urtean filmatzea. Haurrak nola hazten diren ikusi eta erakutsi nahi dut. Halere, ez dut Boyhood filmaren antzeko zerbait egin nahi. Ez da fikzio zurrun bat izango, baizik eta bilaketa ireki bat. Nire lehen film luzea nahi dudan bezala egin nahi dut, askatasun osoarekin.
Bost urte beranduago estreinako film luzea ere Zinemaldian aurkeztea ederra litzateke, ezta?
Bai, noski. Nire lehen film laburra nire hirian aurkeztea ikaragarria bada, zer esanik ez luzea. Dena dela, ez du esan nahi bost urte hauetan soilik film luzea lantzen ariko naizenik. Beste proiektu batzuk ditut. Adibidez, film laburrak idatzi nahi ditut aitarekin.