Kolore lausoak
Donostiakoak ez diren lagunei Kontxako Banderari buruz hitz egiten diedanean, aipatzen diet koloreen nahaste-borraste batek hartzen dituela kaia eta Parte Zaharra. Hori nabarmentzen diet, iruditzen zaidalako gurean festa gutxik hartzen dutela horrelako itxura koloretsua; irailak iragarri ohi duen iluntasunari pultsu bat egiteko modu bat da, zalantzarik gabe. Aurten, ordea, zaleen bizipozak beteriko espazioak mugatu, eta kolorerik gabe utzi dute Donostia. Tankera lausoa izan du Kontxako Banderak, argazkiak bezalakoxea.