Musika eta hitza, Zaporeak proiektuaren alde
Zaporeak elkartearen aldeko "larrialdi" ekitaldi bat egin dute Donostian, Antiguako frontoian.
Morian izandako suteak egoera are zaurgarriagoan utzi ditu han bizi ziren 13.000 pertsona errefuxiatuak, eta Zaporeak proiektuko kideak gogor ari dira lanean, laguntza ematen jarraitu ahal izateko. Izan ere, kanpamendua kiskali ondoren, aurrekonturik gabe geratu dira boluntarioak. Horregatik jo dute larrialdi alarma, egoera salatu eta laguntza ematen jarraitu ahal izateko. “Egiten ari garen lanaren erritmoa mantentzeko diru gehiago behar dugu“, azaldu dio Irati Azkue Komunikazio arduradunak Irutxuloko Hitzari.
Larunbatean larrialdi ekitaldia egin zuten Antiguako frontoian, eta Zaporeak proiektuak egiten duen lana abiapuntu hartuta, hainbat kulturgilek egungo egoeraren inguruko gogoetarako hitzak eta musika plazaratu zituzten. Oso denbora gutxian antolatu dute ekitaldia, eta hainbat kideren laguntzari esker egin ahal izan dute. Oso ekitaldi xumea, goxoa, eta bildua izango zela aurreratu zuen Zaporeak-ek, eta hala izan zen: 300 ikusle Antiguako frontoian bilduta, sortzaileek agertoki gainean eskainitako kultur pilula txikiekin gozatzen.
Artista bakoitzak egoerak sentiarazi eta erraietatik sortarazi dion hori plazaratu zuen. Amets Arzallusekin hasi zen ekitaldia. Azaldu zuen, behin, bertso saio batean jarri ziotela gisa honetako gai bat, hesi erraldoi horiei buruz kantatzeko. “Han ez nuen gehiegi asmatu eta saiatuko naiz hobeto egiten”.
JMartinarekin iritsi zen musika elektronikoa, eta poesia Jose Luis Otamendirekin eta Jule Goikoetxearekin. Anarik gogorarazi zuen inork ez lukeela ilegala izan behar. Gorka Urbizuk Toots and the Maytals taldearen kanta bat ekarri zuen euskarara: ‘Ez gara isilduko’; Toots Hibbert abeslari zendu berriari omenaldia egin zion.
Gaiari kopla sorta bat jarri zion Beñat Gaztelumendi bertsolariak. Eta duela gutxi Antiguatik gertu, Infernuan izandako polizia operazioa ekarri zuen gogora kantatzen hasi baino lehen. Maddalen Lujanbio eta Ander Mujika ondoren. Ruper Ordorikak esan zuen Antiguan egonda, ezin zuela joan Laboaren kanta bat kantatu gabe, eta eta haren omenez kantatu zuen ‘Gure bazterrak’, publikoa lagun. Ibon RG-k harrituta utzi zuen publikoa, ahots soilarekin Iparraldeko abesti klasiko bat kantatu zuenean.
Harkaitz Canok Raymond Carver idazle amerikarrak beldurrari buruz idatzitako poema bat hartu zion maileguan, eta euskarara ekarri zuen. Mursegok lagundu zion musikarekin. Ondoren, biek elkarrekin, Donostiari buruzko poema surrealista bat errezitatu zuten. Juantxo & Lilit Selektah-k COVID-19aren aurkako protokoloak ezarritako distantziei aurre egin eta barrutik dantzatzeko eskatu zien ikusleei.
Zaporeak proiektuari laguntza eman ahal izateko jarduera gehiago izango dira. Datorren asteburuan elikagai bilketa egingo dute. Donostian, Bretxan bilduko dute janaria. Oraindik ez dute eguna eta ordua zehaztu.
Europako errefuxiatu esparrurik handiena zen Moriako kanpamendua, eta 13.000 errefuxiatu bizi ziren han. Egun batetik bestera, Moria eta Mitilene arteko errepidean barreiatuta eta nora ezean geratu ziren gehienak, ez aurrera ez atzera egiteko aukerarik gabe.