Belartza Goikoa industrialde eta merkataritza gune bihurtzeko proiektua berreskuratu dute jabeek
Eusko Legebiltzarrak Merkataritza Jardueraren legea onartu zuen iazko ekainean. Erabaki horrek Belartza Goikoa eremuko proiektua eten zuen. Saibigain XXI enpresa da eremuaren jabea, eta Donostiako Udalarekin hitzarmen bat adostu zuen Belartza Goikoan industrialde eta merkataritza gune bat jartzeko. Horretarako, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzea ezinbestekoa zen, baina udalbatzak hori egin aurretik ezarri zen Merkataritza Jardueren legea. Orain, proiektua berreskuratzea erabaki du enpresak, Noticias de Gipuzkoak argitaratu duenez.
Saibigain XXI promotorearen proiektuaren azken zirriborroaren arabera, 85.000 metroko karratuko azalera osotik %30 –25.000 metro karratu baino gehiago– merkataritza jardueretara bideratuko lukete. Horietatik, 1.700 metro ostalaritzako negozioak jartzeko izango lirateke. Horrez gain, proiektuak aurreikusten du azaleraren %10ak beste erabilera bat izatea. Zehazki, 7.000 metro karratu horietan hotel bat eta bulegoak eraikitzeko asmoa dute. Gainerako 50.000 metro karratuak erabilera industrialerako izango lirateke, eta tartean, gasolindegi edo zerbitzugune bat eta 2.226 aparkaleku jartzeko asmoa dute.
Merkataritza Jardueren legeak hirietan eta hiriguneetan 30.000 metro arteko proiektuak baimentzen ditu. Hori dela eta, enpresak dio ezarritako legearekin bateragarria dela proiektuaren azken zirriborroa. Ordea, Belartza Goikoa eremuan soilik industrialde bat eraikitzea dago baimenduta.
Tramitazioa abiatu du promotoreak, eta ingurumen txostena eskatu berri dute. Ondoren, udaleri eta Gipuzkoako Aldundiari aurkeztuko diote hirigintza proposamena. Udalak eta aldundiak erantzun bat eman beharko diote enpresari.
Harriak erabiliko dituzte
Saibigain XXI promotorearen zirriborroak ere dio Belartza Goikoan pilatu zituzten harriak hirigintza proiekturako erabiliko dituztela. Dokumentuak dio “behin-behinean isuri” zirela eremuan. Harri betelan ilegal hori 2016ean egin zuen enpresak, Belartzako biribilgune ondoan dagoen supermerkatua eraiki zutenean. Udalak behin-behineko lizentzia bat eman zion eraikuntza enpresari harriak eremuan isurtzeko, eta hainbat talde ekologistek –Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, esaterako– salaketa jarri zuten epaitegian. 2019ko ekainaren 10ean, EAEko Auzitegi Nagusiak udala kondenatu zuen isurketa horri emandako udal lizentziarengatik, eta eremua ahalik eta azkarren lehengoratzeko eskatu zuen.
Urtebete luze pasa da ebazpen horretatik, eta harri pilaketak Belartza Goikoan jarraitzen du. Udalak ekainean adierazi zuen enpresak ez bazituen harriak erretiratzen, eurak arduratuko zirela. Horrelakorik gertatu ez denez, Haritzaldek salaketa berri bat aurkeztu zuen abuztua hasieran.