Eskola-Gurutziaga abesbatzaren 25 urteak ospatu dituzte Aieten
Aieteko kaleak eta parkeak musikaz, dantzaz eta txistuz bete zituzten atzo. Hain zuzen, Donostiako Udalaren Txistulari taldeak, Eskola dantza taldeak eta Eskola-Gurutziaga abesbatzak emanaldia egin zuten Aieteko parkean, koruaren 25. urteurrena ospatzeko. Aurretik, Jose Ignazio Ansorenak gidatutako taldeak diana egin zuen auzoko kaleetatik.
Jauregiaren sarrera nagusiko harmailadian jarrita eskaini zuen Eskola-Gurutziaga abesbatzak kontzertua. Errepertorioa hiru zatitan banatu zuten: lehenik, abesbatzak Uruñuelaren Maitia nun zira abestu zuen; ondoren, Juanjo Ocon zuzendariak gidatuta Agurra abestu zuen abesbatzak, Eskolako dantzarien dantzek eta txistulariek lagunduta; hirugarrenik, abesbatzak eta txistulariek Txanton Piperri jo zuten, Jose Javier Etxeberria zuzendariak gidatuta. Azkenik, Euskal Herriko abestien aria bat eskaini zieten entzuleei.
Atzoko kontzertua abesbatzaren 25. urteurrena ospatzeko lehen emanaldia izan zen; hain zuzen, hasieran antolatutako egitaraua pandemia egoerara egokitu behar izan dute. Aurreikusita dituzten kontzertuez gain, argazki erakusketa txiki bat jarri dute Aiete kultur etxean, koruaren ibilbidea errepasatzeko.