Belartza Goikoaren hirigintza proiektua aurrera eramateak Donostia "legerik gabeko hiri" bihurtuko lukeela salatu dute
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Añorgako bizilagunekin eta Naturkon Gipuzkoarekin batera, Belartza Goikoa eremuko hirigintza proiektu berria salatu du. Hain zuzen ere, proiektua aurrera eramateko tramitazioa abiatu du Saibigain XXI promotoreak. Hirigintza proposamena aurrera eramaten bada, Donostia “legerik gabeko hiria” bilakatuko dela salatu du Haritzaldek. Izan ere, 25.000 metro karratuko merkataritza erabilera aurreikusten dute, eta 2016an eremuan egindako harri pilaketa erabiliko dute, “EAEko Auzitegi Nagusiak ilegala zela ebatzi zuena”.
Epaia eman eta urtebetera, Donostiako Udalak ez du bete eta Haritzaldek demanda berri bat aurkeztu zuen abuztuan, “bidegabekeria zuzentzeko eta epaiak betetzea eskatzeko”. Harri pilaketa ilegalaren ostean, Haritzaldek gogorarazi du proiektuaren sustatzaileek bilera publiko batean adierazi zuten ez zuten isurketa lekutik aterako. “Halere, udalak beraiekin negoziaketan jarraitu du egunerarte ezer ez gertatuko bailitzan”. Hori ez ezik, Haritzaldek uste du araua “etengabe” hautsi duen promotorearekin hirigintza proiektu berria negoziatzeko biltzen aritu izan direla: “Hau da, behintzat, ondorioztatu litekeena orain hirigintzako zinegotzia den Nekane Arzallus bere kargua hartu zuenetik esandakoak entzunda. Alegia, ez lukeela zentzurik izango isurketako harriak kentzea lekuan bertan erabiltzekoak balira”.
Saltoki txikien aldeko kanpaina
Donostiako Udalak duela gutxi abiatu duen kanpaina bat ere kritikatu du Haritzaldek: “Hiriko hainbat lekutan saltoki txikietan kontsumoa bultzatzeko iragarkiak ikusi ditugu. Udalak, plataforma bat ere eratu du, eta diru laguntza zuzenak eskaini dituzte. Udal ordezkariak ahobete ibili dira lekuko saltokiekin konpromezu hitzetan. Bitartean, ordea, bizkarretik pelotazo urbanistikoak negoziatzen dira, hiriaren kanpoaldean merkataritza parke tankerakoak frankizia eta multinazionalez bete nahian”.
Saibigain XXI enpresaren proiektu berria zalantzan jarri, eta udalaren jarreraren inguruan zalantza ugari ditu Haritzaldek. “Zer bultzatuko luke udala halako inkoherentzia negoziatzera, Belartzan Mercadona eraikitzen hasi zirenetik hirigintza arautegia sistemakikoki hausten ibili den empresa batekin? Proiektu honek epe motzean utziko lukeen diru poltsa akaso? Udalak saltoki txikiak babesten duelako koherentzia eta sinesgarritasun guztia galduko luke bidean. Egitasmoa hau Garberakoa handitzearekin batera honezkero bortizki kolpetuta eta krisian dagoen sektorea guztiz kaltetuko bailuke”, azaldu dute.
Promotoreek iruzurra egin nahi dutela ohartarazi du naturzaleen elkarteak. “Horrelako proiektuak aurrera eramateko sustatzaileek erabiltzen duten estrategia –Merkataritza Jardueraren lege berriak garapen urbanistiko hauek hiri kanpoan ezartzea galerazten duenetik)– zoru industrial gisara tramitatzea da, honek eraikitakoaren %30 merkataritzara bideratu dezakeela jakitun. Ingeniaritza legal horien bitartez, arauen zirrikitu eta hutsuneez baliatzen dira lege bihurtzeko eta iruzurreraino okertzeko. Adibideak badaude hirian, azkena Belartzan bertan, harrobian, non eremu industriala garatzeko eskariaz, Mercadona supermerkatua eta Mc Donald’s bat eraiki ziren. Ordea, egun inongo erabilpen industrialik ez da garatu. Iruzurra!”.
Industrialde berrien beharrik ez dagoela azpimarratu du Haritzaldek, eskaerarik ez dagoelako. “Horren adibidea da Eskusaitzetako industrialde handi eta publikoa. Industria jarduera berriak erakartzeko gai ez da izan ia 30 hektarea baso eta naturgune txikitu ostean”.